euskaraz.net
San Inaziotik Japoniara

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 60 2003/02 »  San Inaziotik Japoniara





Erreportajea





San Inaziotik Japoniara

Japoniara joan gara aurten. Lau urtean behin, San Inazioko musika eskolako ikasleok bidaian joaten gara. Musika eskolan gabiltzanok ez geunden Japoniarako bidaia egitera behartuta, noski; baina nork galduko luke horrelako aukera! Hemen duzue abenduaren 10etik 23ra egindako bidaiaren kontakizuna.

Abenduaren 10a: 09:30ean ikastetxean Bilboko aireporturako autobusa hartu genuen eta han, Frankfurterako hegazkina. Frankfurtera 15:30ean iritsi ginen eta bost ordu itxaron behar izan genuen Tokyorako hegazkina hartzeko. Oso handia zen hegazkina; bakoitzak telebista bat genuen, bideo jokoekin, pelikulekin... Hamahiru orduko bidaia.

Abenduaren 11a: Japoniara iristerakoan, autobusa hartu eta hiru ordutan, “Metropolitan” hotelera joan ginen. Hotela oso-oso polita zen eta oso garbia. Ordenadorez betetako aretoa zuen eta bertan pasa genuen denbora librea. Hotelak hogeita bost pisu zituen eta sei igogailu.

Abenduaren 12a: Lehen entseguan erlajazio ariketak, luzaketak eta ahots probak egin genituen. Bazkaldu ondoren (arrain mota asko daude Japonian eta oso ezaguna da “sushi”-a, egin gabeko arraina), metroa hartu eta tenplu nagusi batera joan ginen. Oso handia eta polita zen. Afaltzeko jatetxe italiar batera eraman gintuzten.

Abenduaren 13a: Goiza libre izan genuen. 15.00etan, urduritasunez beteta, Nikey-Hall-erantz abiatu ginen. Bertan, auditorioa ikusi ondoren, entsegu orokorra egin genuen. Lehen kontzertua oso ondo atera zen. Afaltzeko, pizza jarri ziguten.

Abenduaren 14a: Goiza libre izanda, ia goiz osoa ordenadoreetan pasa genuen (internet dohainik zen). 14.00etan atera ginen, Yokohamara joateko. Aurrekoan baino jende gehiago joan zen, eta kontzertua askoz politagoa izan zen. Ikusleak txaloka hasi ziren, abesten genuen bitartean. Oso pozik sentitu ginen kontzertuaren ondoren. Oilaskoa ekarri ziguten afaltzeko.

Abenduaren 15a: Egun librea. Hotelean kaxatxoak eman zizkiguten janariarekin, eta enperadorearen etxe inguruko lorategietara eraman gintuzten. Dena harresiz inguratua zegoen.

Arratsaldean Akhihabara deituriko kale luze batera joan ginen; han elektronikako gauza asko erosi genituen. Afaltzera, jatetxe italiarrera joan ginen berriro.

Abenduaren 16a: Tokyo–Disneiland-era joan ginen. Bereziki ume txikientzat da, baina guztiok oso ondo pasa genuen. Bazkaltzeko pizza erosi genuen han bertan eta hura bai, oso goxoa zen! Desfilea ikusi, beste toki batzuk bisitatu eta Tokyora itzuli ginen. Afaltzera, Mc Donaldsera joan ginen, helduei gustatu ez zitzaien arren.

Abenduaren 17a: Kontzertua goizean goiz zen eta umeentzat. Eskolako auditorio handi batean izan zen. Eskola hura oso garrantzitsua da, enperadorearen bilobek han ikasten dute eta. Umeek eta guk oso ondo pasa genuen. Arratsaldean, hegazkinez, Tokyotik Yamaguchira joan ginen. Bertako hotela ere oso polita zen eta oso gustura egon ginen.



Abenduaren 18a: Kontzertuan, hiru urteko umeekin abestu genuen. Bi kantu abestu genituen, bat, japonieraz eta bestea, gaztelaniaz. Oso hunkigarria izan zen eta opariak elkar trukatu genituen. Oso polita eta atsegina izan zen guretzat beraiekin pasatutako arratsaldea. Yamaguchiko jendeari asko gustatu zitzaion gure kontzertua.

Abenduaren 19a: Goizez autobusez Fukuokara atera ginen eta eguerdirako Tokyo Inn hotelean geunden. Bazkaldu eta kontzertua izan genuen Fukuokako abesbatzarekin. Auditorioa, bertan ikusitakoen artean, onena zen eta han gure hurrengo diskoa grabatu genuen. Gau horretan gure familiarekin eta lagunekin hitz egiteko aukera izan genuen.

Abenduaren 20a: Marugamera itzuli ginen eta bertako familiekin jai bat ospatu genuen. Gero, binaka joan ginen, bakoitza bertako familiarekin lo egitera.

Abenduaren 21a: Etxeetan egon ginen entseguaren ordua iritsi arte. 14.00etan kontzertua izan genuen. Primeran joan zen. Bukatzerakoan, Nishiwadara joateko prestatu eta autobusa hartu genuen. Bost orduko bidaia izan zen. Iristean, bikoteka, beste familia batengana joan ginen.



Abenduaren 22a: Kontzertua 14.00etan genuen, eta goizean entsegua egin genuen. Ikusleak emozioz hunkiturik negarrez ari ziren. “Agur Jaunak” abestia ezin izan genuen ia abestu ere egin, denak negar batean geundelako eskutik helduta.

Arratsaldean, festa batean elkarrekin abestu genituen japonieraz zenbait kanta. Oso ondo pasa genuen eta gainera autografoak eskatu zizkiguten, pertsona ospetsuak bagina bezala. Ondoren, bakoitza bere familiarekin etxera joan zen, maletak prestatu eta azken gaua pasatzera.

Abenduaren 23a: Jaiki eta maletak ondo itxi ondoren, bezperan kontzertua izan genuen lekura joan ginen. Han familiak agurtu genituen (Nola ez, negarrez! Bai haiek eta bai gu!). Ondoren, Londresera abiatu ginen. Han bi ordu itxaron eta Bilborako hegazkina hartu genuen. Bilbon beste autobus bat hartu genuen eskolara joateko, eta azkenik, gurasoekin aurkitu ginen.