euskaraz.net
Donostia auzoka: Amara Berri

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 61 2003/03 »  Donostia auzoka: Amara Berri

***



Beste danborrada bat

Amara Berrin





Aurtengo San Sebastian egunean iaz baino danborrada bat gehiago izan dugu auzoan, Katalina Erausokoa. Donostiako danborrada guztiak kontuan hartuta, 86.a da Katalina Erauso ikastetxeko gurasoek sortutakoa.


Oso esperientzia polita eta neketsua izan da danborrada kaleratzeko prozesua: pentsatzen hastea, antolatzea eta danborradan parte hartzea. Hala eta guztiz ere, datozen urteetan danborradan jarraitzeko asmoa azaldu dute partaideek.





Duela urte batzuk hasi ziren asmo honi bueltak ematen ikastetxeko gurasoak eta iaz saiatu ziren arren, ez zuten lortu. Aurten, ordea, bai. Auzo osoan kartelak jarri zituzten parte hartzeko deia eginez, eta erantzun polita izan zuten, 90 bat auzokide hurbildu zitzaizkien eta.

Hala eta guztiz ere, ez da erraza izan ideia hau aurrera eramatea, lan handia baita danborrada bat lehenengo aldiz ateratzea. Material guztia lortu behar da, adibidez, diru gehiegi gastatu gabe, noski, eta horregatik bigarren eskuko materiala erosi zuten batez ere.

Jantzi batzuk beste danborrada batzuei erosi zizkieten, beste zenbait oparitu egin zizkieten eta beste kasu batzuetan, bigarren eskukoren faltan, berriak erosi egin behar izan zituzten. Danborrak eta kupelak ere bigarren eskukoak erosi zituzten eta zaldi gaineko bi mezulariren laguntza ere lortu zuten. Azkenik, txaranga aurkitzea ere ez zen lan makala izan, egun horretarako Gipuzkoako txaranga gehienek Donostiako beste danborradekin izaten baitute hitzordua. Baina, azkenean, Altsasuko musika banda bat lortu zuten eta harekin ibili ziren.





Datorren urteko danborrada prestatu behar da orain, baina, antolatzaileek diotenez, errazagoa izango da. Hori bai, helburua, hemendik aurrera, gero eta danborrada politagoa egitea eta jende gehiagok parte hartzea izango da. Ez dago dudarik lortuko dutela, aurten izugarri ondo pasatu baitute, kalerik kale, danborra joaz.





Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****