euskaraz.net
Donostia auzoka: Altza-Larratxo

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 61 2003/03 »  Donostia auzoka: Altza-Larratxo

**



“Altza-Larratxon teknologia berriak

lantzea da gune honen helburua”






Duela bi hilabetetik, teknologia berriei tokia egin die Larratxoko Auzo Etxea izandakoak. Herrera Ikastetxeko 5. mailako neska-mutilok bertara joan eta arduradun batekin, Idoia Sanzekin, aritu gara.


Zer da Altza-Larratxoko Teknologia Berrien Gunea?

Teknologia berriak jendeari gerturatzeko tokia da. Jende guztiari irekia dago eta baliabideak eta prestakuntza eskaintzen ditu, denek mundu berri honekin harremana izateko aukera izan dezaten.



Nola sortu zen gune hau egiteko ideia?

Gune honen sorrera eDonostia.net proiektuaren haritik etorri zen. Proiektu garrantzitsu honek Donostia hiri digital bihurtzea du helburu. Horretarako, hiritar sare bat garatu behar da. Baina, hori lortzeko, nahitaezkoa litzateke hiritarrek baliabide egokiak izatea eta ezagutza nahikoa lortzea.

Altza-Larratxoko guneak auzoan hasi nahi du teknologia berriak lantzen. Dena dela, mota honetako guneak beste auzo batzuetan ezartzeko eta eDonostia.net sarea sortzeko asmoa ere badago.

Nori zuzenduta dago gunea?

Donostiar guztiei. Hala ere, lehenengoa denez, erakundeei ere irekiko zaie; erakustaldi eta froga gunea izatea nahi dugu.

Nola dago antolatuta?

Zerbitzu guztiak ibilbide moduan antolatuta daude. Zerbitzu bakoitza areto zehatz batean dago; esaterako, “Gerturatu” aretoa, teknologia berrietara hurbiltzeko gela da, mundu horri buruzko inolako ezagutzarik ez dutenei bideratua. “Laboratu” aretoan, hamabi ekipo daude eta gauzak modu dibertigarrian ezagutzeko pentsatuta dago, dinamizatzaileen laguntzarekin. “Prestatu” mota guztietako prestakuntzari eskainitako eremua da, eta jendeak hamasei ekipo ditu eskura, beti ere tutore baten laguntzarekin erabiltzeko. “Trebatu” norberak erabiltzeko gela da, eta ikasitakoa gauzatzeko behar den guztia dago bertan.
Eta azkenik, “BK” gela hainbat gairi buruzko informazioa lortzeko modu erraza da. Gela hauez gain, “Call Center” zerbitzua ere aipatu behar da; jendearen zalantzak argitzeko telefonoa eta web orrialdea.

Zein da guneko langileen eginkizuna?

“Info” gunean hiru lagun daude jendeari informazioa emateko. Beste hiru informatiko alderdi teknikoez arduratzen dira. Dinamizatzaileek jendeari aholkua ematen diote eta tailerrak diseinatzen dituzte. Azkenik, “Call Center”-en daudenek jendearen zalantzak argitzen dituzte eta horrez gain, gunea erakusten dute.

Zein ordutegi duzue?

Astelehenetik ostiralera, 10.00etatik 22.00etara.
Larunbat, igande eta jaiegunetan, 10.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 22.00etara.

Arrakasta izan al du guneak?

Nahiko gustura gaude jendearen erantzunarekin. Gutxi gora behera, 600 lagun etorri ziren abenduan, eta urtarrilean, 1.000 inguru hurbildu zitzaizkigun. Momentu honetan, bestalde, 500 lagun daude gure zerbitzuetan erroldatuta.



Nola eman daiteke izena gunera etortzeko?

“Info” gelan, edozein momentutan, norberaren datuak emanez. Hamalau urtetik beherakoek gurasoen baimena behar dute.







Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****