euskaraz.net
Han eta hemen: Mundaiz

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 61 2003/03 »  Han eta hemen: Mundaiz


XXI. Olinpiada Mundaiz ikastetxean



Lehenengoz eta behin nire burua aurkezten saiatuko naiz. Olinpus da nire izena eta ikastetxe korazonisten bandera olinpikoa naiz. Zuria naiz eta bost borobil ditut. Atzealdean olinpiada honetan parte hartzen duten ikastetxeen izenak urre kolorez ditut idatzirik. Urtero-urtero, ikastetxez-ikastetxe ibiltzen naiz. Nire bizipen guztiak kontatu nahi dizkizuet orain.

     

Korazonisten tradizioa da urtero olinpiada egitea. Bertan, korazonisten ikastetxeetako ikasleak lehiatzen dira. Urtero ikastetxe bat arduratzen da antolaketaz.

Olinpiada maiatzean izaten da eta hiru egun irauten du. Lehenengo eguna, ostirala, liluragarria izaten da. Egun horretan, zurezko kutxa irekitzen dute eta kontu handiz bertatik ateratzen naute. Urte osoa ematen dut kutxa barruan, egun horren zain. Atera eta makil luze batean jartzen naute, aireak astintzen nauen bitartean.

Hainbeste denbora itxaron dudan unea iritsi da: olinpiada hasteko ekitaldi hunkigarria. Kirolariak lerro zuzenetan jarrita daude, aurrean ikastetxearen izena daraman zutoihala dutela. Ikastetxe bakoitza aurkezten den bitartean, bere hiriko kantaren bat entzuten da. Txaloak, aurpegi alaiak, malkoren bat edo beste, gurasoak pozik, neska-mutilak urduri, su artifizialak, hitz ofizialak... hau da hau zalaparta! Olinpiada hasi da!

Hurrengo egunean, larunbatean, ikastetxeen arteko lehiaketa gogorra hasten da. Ikastetxe bakoitza kiroltasunez lehiatuko da, irrikaz jositako garaikurrak ohorez eskuratzeko.
Guraso multzoak bere izar txikiak animatzen ditu. Zeinek daki, agian, izartxo horiek etorkizunean kirolari profesionalak izatera iritsiko ote diren!

Goiza aurrera joan ahala, gaurko lehiaketak bukatuz doaz. Familiek etxera eramango dute egun hauetarako etxean hartutako ikaslea. Etxean bazkaldu ondoren, familia bakoitzak hiria erakutsiko dio kanpotarrari. Badu, bai, Donostiak zer erakutsi!

Igandean goiz-goizetik berriro etorriko dira neska-mutilak haien artean lehiatzeko, final aurreko eta finaleko partidak jokatzera. Igandea egun alaia da. Ikastetxea jendez gainezka dago. Ni tristetzen hasten naiz. Iritsi da kirolarien artean garaikurrak banatzeko unea eta horrekin batera, olinpiada bukatzeko ekitaldia. Niri ere malko pare bat jausi zaizkit begietatik.

Baina, laster dugu gurekin XXI. Olinpiada. Aurten, Donostiako Mundaiz ikastetxeari dagokio kirol txapelketa eder hau antolatzea.

Etor zaitezte ni ezagutzera. Agur. Zuen laguna: Olinpus.



Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****