euskaraz.net
Kirolak: goalball-a

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 61 2003/03 »  Kirolak: goalball-a


Goalball-a, itsu-itsuan aritzeko kirola



Ezagutzen al duzu goalball-a? Futbol edo eskubaloi moduko kirola da, baina itsuek propio joka dezaten sortua. Ondo ikusten dutenak ere ari daitezke goalball-ean, baina hori bai, begiak estalita.







Goalball izenekoa itsuei eta ikusmen gutxikoei egokitutako talde kirola da. Hiru jokalarik osatutako bi talde aritzen dira. Jokalari guztiak begiak estalita aritzen dira eta horrela, talde berean, itsuak, ikusmena gutxitua dutenak eta ongi ikusten dutenak egon daitezke. Horrela, itsuek eta ondo ikusten dutenek batera jokatzeko eta integratzeko aukera dute. Hala ere, IBSAk (International Blind Sport Association) emandako arauen arabera, herri baten selekzioan jokatu ahal izateko, jokalari guztiek itsuak behar dute izan.

Goalball-a Hanz Lorenzen austriarrak eta Sett Reindle alemaniarrak 1946. urtean asmatu zuten. Bigarren Mundu Gerran itsu gelditu ziren soldaduei hobera egiteko eskaini zieten kirol hau.

Kanadan, Toronton hain zuzen ere, 1976. urtean, jokatu zen lehendabiziko aldiz Paraolinpiar Jokoetan goalball-ean eta bi urte geroxeago, 1978. urtean, munduko lehendabiziko txapelketa egin zen, Austrian. Bi txapelketa hauen ostean, goalball-aren ospea zabaldu egin da eta gaur egun, IBSA osatzen duten herri guztietan, goallball taldeak daude.

Goalball-a zazpi minutuko bi zatitan jokatzen da. Pilota, “goalball” izenekoa, 1.250 gramokoa da. Pisu handia du eta horren azalpena oso erraza da: barrualdea zintzarriz beteta dago eta pilota mugitzen denean, barruko kriskitinek soinua ateratzen dute, eta, hain zuzen, soinu horrek adieraziko dio itsuari pilota non dagoen. Kirol hau jende itsuaren kontzentrazio ahalmena indartzeko sortu zen. Beraz, oso erne egon behar da soinua jarraitzeko. Kirol hau primerakoa da entzumena lantzeko.




Saiatu al zara inoiz?

Kirol honetan saiotxoren bat egin nahi baduzu, jakin ezazu helburua aurkarien atean gola sartzea dela. Pilota mugitu behar da horretarako, noski, eskuz eta boloetan ariko bazina bezala. Zelaiak 18 metroko luzera eta 9 metroko zabalera du eta marrak egiteko, zinta isolatzailea erabili beharko duzu. Bukatzeko, jokalari guztiek argia pasatzen uzten ez duen maskara erabili beharko dute. Eta, jakina, ateak ere beharko dituzu: 9 metroko zabalera eta 130 zentimetroko altuera izan behar dute.

Behar den guztia prest duzunean, bi talde egin. Talde bakoitzak hiru kide izango ditu; erdilari bat eta bi hegaleko. Norbaitek epaile lana egin beharko du eta kirolaren arau guztiak ezagutu beharko ditu.

Jokalari guztiak begiak
estalita aritzen dira











Arauak ikasteko, interneten begiratu http://www.fedc.es/fedc/publicaciones06-Goadball edo bestela, entrenamendu batera joan daiteke. Pilota ezin da eskuetan hamar segundutik gora izan; hamar segundutik gora edukiz gero, pilota beste taldearentzat izango da. Penaltiak ere badira; adibidez, ondo ikusten duen norbaitek maskara kenduko balu, epaileak penaltia adierazi beharko luke.

Ez dugu oso urruti joan behar kirol hau ikusteko. Donostian bertan, ONCEko neska-mutilak Mundaizera joaten dira entrenatzera, ostegunetan. Berotze ariketa batzuk egin ondoren, partida txiki bati ekiten diote. Partida amaitutakoan, berriro ere luzaketak egiten dituzte. Ilusio eta gogo handia dute jokalariok, eta Madrilera txapelketetan parte hartzera joaten direnean, barruan duten guztia ematen dute. Orain arte ezer irabazi ez duten arren, zure animoekin, ziur garaipenak iritsiko direla.



Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****