euskaraz.net
Erasoa Iraki

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 62 2003/04 »  Erasoa Iraki



***





Erasoa Iraki


Gerra hotsa nagusi da munduan. AUZOKAko zenbaki honetan ez dugu gaia alde batera utzi nahi izan, eta Iraki buruzko azterketatxoa egin dugu.

AEBek aspalditik kontrolatu nahi izan dute Ekialde Hurbila, bertan sortzen baita munduko petrolio ekoizpen ororen %70. 1974an irakiar eta kurduen arteko borroka latzak gertatu ziren. Iranek armak eta materialak eman zizkien kurduei. Irakek, 1975an, Irani lurrak eman zizkion, honek kurduak gehiago lagundu ez zitzan.

1979an Sadam Hussein presidente izendatu zuten. 1980an Irakek bertan behera utzi zuen 1975ean izenpetutako akordioa, eta ondorioz, gerra piztu zen Irak eta Iranen artean. Hasieran Irakek lurrak hartu zizkion Irani. 1982an, berriz, Iranek berreskuratu zituen lur horiek. 1988ko abuztuaren 20an bukatu zen guda. 1980ko hamarkadan, mendebaldeak emandako kredituei eta teknologiari esker, Irakek bere armamentua berreskuratu zuen.

1990eko abuztuaren 2an gertaera erabakiorra izan zen: Irakeko soldaduek Kuwait inbaditu zuten. 1991ko urtarrilaren 15ean Nazio Batuen Erakundeko Segurtasunaren Kontseiluak Kuwaitetik ateratzeko agindu zuen. Irakek ez zuen kasurik egin, eta AEBek zuzendutako koalizioak Irak bonbardatu zuen. Pertsiako Golkoko gerra izan zen. Apirilean, Irakek NBEren baldintzak onartu zituen. Bien bitartean, Irakeko Gobernuak hegoaldeko shii-en eta iparraldeko kurduen matxinadak amaitzeko erabili zuen armada. 1992an Irakek suntsipen handiko armak desegiteko nazioartearen presio handia jaso zuen eta bitartean, NBEk ezarritako isun ekonomikoak gero eta gehiago nabarmendu ziren.

1993an NBEko funtzionarioek Irakeko arma garrantzitsuenak deseginda zeudela esan zuten, baina bahimenduak jarraitu egin zuen, Sadam Hussein presidentea agintetik kentzeko asmoz.

1995ean, referendum bidez, Hussein-en agintaldia sei urtez luzatu zuten. 1996an NBEk Irak-eko petrolioaren gaineko bahimendua kendu zuen. 1998an Irakek ez zuen NBEko ikuskatzaileen kontrola onartu, eta ondorioz, AEBek eraso militarra prestatu zuten, eta handik aurrera abisatu gabe erasoko zutela esan zuten.







Egungo egoera
Golkoko Gerran aliatuen hegazkinek Bigarren Mundu Gerran baino hiru aldiz bonba gehiago jaurti zituzten Iraken. Baina irakiarrek azkar konpondu zuten apurtutakoa, eta harro sentitzen dira berritzeko ahalmena erakutsi dutelako.

Bonbek eta misilek suntsitutakoaren arrastorik ez dagoen arren, gerraren ondorioak izkina guztietan nabari dira. Bahimendua gerra bezain txarra dela diote irakiarrek. Iraken kontrako zigor ekonomikoak Nazio Batuek sekula ezarritako luzeenak eta gogorrenak izan dira. Hamahiru urteko enbargo edo bahimenduak lehen gehiengoa zen erdi mailako klasea desagertarazi eta munduko pobreenen artean ipini du petrolio aberastasunean bigarren den herrialdea.

Bizi itxaropena 66 urtetik 57ra jaitsi da azken urteotan Iraken, aspaldi desagertutako gaixotasunak berriro agertu dira, elikadura Sahara hegoaldeko herrietakoa bezalakoa da... Bahimenduaren eraginez, 1.700.000. lagun hil dira, haietatik erdia, hamar urtetik beherako umeak.

Jendea gerraren kontra

AEBetan bertan, egunotan oso aurpegi ezagunak ageri dira telebistan, gerraren aurkako mezuak emanez; ordaindutako espazioetan, jakina, besteetan ez baitira agertzen. Susan Sarandon aktoreak telebistan esandakoak, esaterako, eragin handia izan dezake iritzi publikoan. AEBetan, “The Washington Post” edo “New York Times” egunkari handietan, adibidez, orrialde osoko iragarkiak jarri dituzte.

Hemengo gerraren aurkako mugimenduak, horrenbeste diru izan gabe, oihartzuna lortu du.

Milaka ipar- amerikar manifestari ibili dira Ameriketako Estatu Batuetako eta Kanadako hiri askotan, Bush-en planen aurka. Ibilaldi handiena New York-en izan da. Europako hiri gehientsuenetan ere izan ziren mobilizazioak: Londres, Berlin, Madril eta Erroman. Euskal Herrian, Donostian, Iruñean eta Bilbon elkartu zen jende gehien.

Irakeko herriaren kontrako eraso militarra ez dago inola ere justifikatuta. Arrazoi ekonomikoak ikusten dira gerraren aldekoen asmoen atzean. Irakek dituen armek ez dute mundua arriskuan jartzen.

Eraso militarraren aurkako horrenbesteko giza mugimendua hedatu izana pozgarria da beraientzat, jendea oraindik bizirik dagoela adierazten du eta.
Erantzuna emateko gai garela iruditzen zaigu. Ideologia askotako pertsona taldeak elkartu izana da garrantzitsuena.












“Gerra izatearen arrazoia petrolioa da”



Eneko Sansinenea EHUko irakaslea Donostian gerraren aurka egindako manifestazioan egon zen. Berarekin aritu gara, gerrari buruz zein iritzi duen jakiteko.


Irakeko egoerari buruz, zein iritzi duzu?

Iraken ez dago askatasun demokratikorik. Horrez gain, Irakek gerra luze bat izan zuen Iranen kontra, gerra labur bat AEBen kontra eta pobrezia handia sortu duen 12 urteko bahimendu ekonomikoa.



Erasoaren kontrako manifestazioan egon omen zinen. Manifestazioek Aznarren iritzia aldaraziko dutela uste al duzu?
Bai, manifestazioan egon nintzen. Ez dakit lortuko duten, baina herritarren %90 gerraren kontra badago, horrek Aznarren iritzia aldarazi beharko luke.

George Bush-ek bere aitak hasitakoa bukatu nahia izan al daiteke gerraren arrazoietako bat?

Agian, bai. Funtsezko arrazoia da AEBen ekonomia gerran eta petrolioan oinarritzen dela.

Zuk nola uste duzu geldiarazi daitekeela gerra hau?

Mundu osoko lurraldeek gerraren aurka bat eginez.

George Bush-en aitak, garai hartan, Sadam Husein hil behar zuela uste al duzu?

Ez, jakina. George Bush-en aitak bakea eta akordioa bilatu behar zituen Ekialde Hurbilean

Sadam Huseinek Gobernua utziko balu, gerrarik izango al litzateke?

Sadam Husein kendu eta AEBek gustuko presidente bat jarriko balute, agian ez litzateke gerrarik izango, baina hori ezin da egin. Presidentea Irakeko herritarrek aukeratu behar dute.





Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****