|
**
“Medikuak agindu arren,
ezin diot korrika egiteari utzi”
Martxoa hasieran egin zen Donostian beterano mailako pista estaliko Europako txapelketa. Horregatik, Joxe Mari Garinekin elkartu gara. Belaunarekin arazoak izan dituen arren eta medikuek lasterka egitea debekatu dioten arren, Garinek korrika egiten jarraitzen du. Egunero entrenatzen da lau orduz, gutxi gora behera. 78 urte ditu eta oraindik sariak irabazten ditu.
Atleta ibilbide luzean izan al duzu oztoporik?
Duela urte batzuk ezkerreko belaunean lesioa izan nuen eta operatu egin ninduten. Orain, “desgastea” dut hor eta medikuak korrika egitea galarazi dit, baina nik ezin diot utzi.
Zeintzuk dira korrikalari izatearen alde onak eta txarrak?
Sariak irabazten nituenean, ondo sentitzen nintzen; hainbeste esfortzu egin ondoren, merezi zuen eta. Gainera, gazte sentiarazten ninduen. Alde txarrak: lesioak.
Lehiaketa hau dela eta, zein herrialde ezagutu dituzu?
Finlandia, Grezia, Norvegia, Italia eta AEBak. Finlandia gustatu zitzaidan gehien, zuhaitzez beterik dago eta.
Korrika egiteaz gain, zein beste probatan parte hartu duzu?
Pertikan Gipuzkoako txapeldun izan nintzen. Bi zuhaitzen artean soka bat jarri eta makila luze batekin salto egiten nuen.
|
Asko zaindu behar izaten al duzu zeure burua?
Zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto. Baina janariari buruz ari bazara, ez dut batere kontrolatzen.
Korrikalaria jaio ala egin egiten da?
Aurrena jaio eta gero egin. Irabazi nahi baduzu, saiatu beharra dago.
Erretiratzea pentsatu al duzu ?
Ez, inola ere ez.
Zein aholku emango zenieke hamaika-hamabi urteko gazteei?
Kirola egitea oso ona dela eta txintxo ibiltzea ere bai, parranda gehiegi eginez gero, gaizki amaitzen delako.
Zer esaten dizute lagunek entrenatzen ikusten zaituztenean?
Batzuek jota nagoela. Baina, egia esan, niri bost, gustukoa dut eta. Beste batzuek, aldiz, ni bezain ondo egon nahiko luketela esaten didate. Kirolari esker, gazte sentitzen naiz.
Zer egiten duzu entrenatzen ez duzunean?
Baratza lanetan aritzen naiz.
|
|
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****
|
|