euskaraz.net
Ekologia 2

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 62 2003/04 »  Ekologia 2

***

Euskal Herriko lurzorua arriskuan



Hegoaldean lurra

basamortu

bihurtzeko arriskua

handia da


Euskal Herriko lurzorua arriskuan da higadura eta pozoiaren ondorioz eta zonalde batzuetan basamortu bihur daiteke. Basamortu bihurtzeko arriskua oso nabarmena da hegoaldean: hainbat lekutan lurzorua galtzen ari da, eta arroka azaltzen ari da. Hau, batez ere, Bardeetan garbi ikus daiteke.



Harrigarria dirudien arren, iparraldean ere gauza bera gertatzen ari da, eta zenbait zelai, baso eta pagaditan antzeman daiteke.

Hala ere, iparraldean higadura da arrisku nabarmenena, eta lur luiziak nonnahi izaten dira.

Beste leku batzuetan, lurra pozoitu egin da, nekazaritzan ongarri gehiegi erabiltzeagatik. Toki hauetan industriagunetako kutsadura kimikoek eta autobide, trenbide eta abarrek kaltea areagotu dute.





Uraren nazioarteko eguna



Martxoaren 22an, uraren eguna ospatu zen, “Etorkizunerako ura” lelopean. Esaldi honen bidez, uraz egiten dugun erabilera zaindu behar dugula
azpimarratu nahi da, datozen belaunaldiek ura izan dezaten.

2015erako urik gabe bizi den jende kopurua erdira jaitsi nahi bada, ezinbestekoa da altxor preziatu honen erabilera zaintzea.

Uraren nazioarteko eguna 1992an egin zen lehen aldiz, Brasilgo Rio de Janeiro hirian eginiko hitzaldi baten ostean. Bertan ingurumena eta garapenari buruz hitz egin zuten.





Marrazoak desagertzen ari dira

Azken zortzi-hamabost urteetan, Atlantikoko marrazo kopurua erdira jaitsi da. Zalhousie Unibertsitateko ikertzaileek Atlantiko iparraldean bederatzi espezie aztertu dituzte, tartean marrazo zuria, mailu-arraina eta marrazo urdina, eta guztietan gainbehera nabarmena sumatu dute.

Ikertzaileen ustez, gehiegizko arrantzak eragin du marrazo kopuruaren beherakada, izan ere, arrain horien jaiotze-tasa ez da nahikoa harrapatutakoak ordezkatzeko.



Babeste-programa zuzenak falta dira. Izan ere, espezie bakar bat babesteko ahaleginek beste espezie bat arrantzatzera bultzatzen baititu arrantzaleak askotan.




Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****