euskaraz.net
Kirolak: hidratazioa

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 62 2003/04 »  Kirolak: hidratazioa

***

Hidratazioa eta edari isotonikoak




Gure gorputzak ondo funtziona dezan, ezinbestekoa da egunero, gutxienez, litro eta erdi ur edatea. Kirola egiterakoan, gainera, ur gehiago behar dugu. Izan ere, izerdiaren bidez mineralak eta ura galtzen ditugunez gero, garrantzitsua da ondo hidratatzea. Garunak berak ur kopuru handia behar du funtzionamendu egokia izateko, eta beharra edo ur falta sumatzen denean, garunak berak sortzen digu egarri sentsazioa, alarma moduko zerbait, likidoa edaten hasteko seinalea.



Ura oinarrizkoa da, baina uraz gain, merkatuan badira edari isotoniko ugari; gero eta edari isotoniko gehiago dago eta osagai asko dituzte ariketa fisikoak kendutako energia ahalik eta azkarren berreskuratzeko. Izan ere, entrenamendu edo kirol saio gogor baten ondoren, galdutako mineralak eta likidoak berreskuratzen laguntza handia ematen dute horrelako edariek.

Edari isotonikoak

kontrolik gabe

hartzea ez da

egokia




Gaur egun, ordea, gero eta maizago ikus ditzakegu telebistan edari hauek egunero har ditzagun gomendatzen duten iragarkiak. Ohiko dietaren lagungarri gisa kontsumitzeko esaten digute iragarkiek. Baina, argi ibili behar da, produktu hauek kontrolik gabe hartzea kaltegarria izan baitaiteke osasunarentzat. Edari hauek osagarri batzuk dituzte, eta hauen gaindosiak ondorio txarrak izan ditzake.

Karbono hidratoak eta fibrak izaten dituzte edari hauek. Saltzen diren edari energetiko gehienek karbohidratoak dituzte. Karbohidratoak behar beharrezkoak dira, energia asko ematen digutelako, baina erretzen ez badira, gantz bihurtzen dira; gainera, efektu laxantea izan dezakete eta tripako mina eragin dezakete. Fibra gehiegi hartzea ere ez da ona, odolaren deshidratazioa eragin dezake eta.

Kafeina. Nerbio-sistemaren pizgarria eta giharrei bizitasuna emateko baliagarria da. Gehiegi hartzeak, ordea, takikardia eragin dezake eta efektu laxantea du, hesteetan narritadurak eragin ditzake eta buruko mina ere sortu ahal digu.
Belarrak. Edari energetiko askok belarrak dituzte; guarana haziak, esaterako. Hauek ere pizgarriak dira.



Triglizeridoak. Berez, gantzak direla esan dezakegu, baina nekearen sentsazioa atzeratzen dutenez, edari hauetan sartu dituzte.

Bitaminak eta mineralak. edari isotonikoek beti izaten dituzte bitaminak eta mineralak. Beharrezkoak dira eta bi motatakoak dira: uretan disolbagarriak eta gantzetan disolbagarriak. Lehenengoekin ez dugu inolako arazorik. Baina, bigarrenak gehiegi hartuz gero, ondorio txarrak izan daitezke.



Beraz, hidratazioaz arduratu behar dugula argi dago, oso garrantzitsua baita hidratazio ona izatea. Ez ahaztu, hala ere, edari isotonikoen kontu honetan interes ekonomikoa handiak daudela!



Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****