Goņi II-a indar eta kalitate ikaragarriko pilotaria da, baina, azken boladan, ez da batere ondo ibili eta binakako txapelketan emaitza benetan eskasak lortu ditu, prestakuntza fisiko penagarria duela agerian utziz.
Bere agerraldiek zeresan ugari eman dute komunikabide guztietan eta nahikoa hitz gogorrak agertu izan dira, batez ere, kantxan izan dituen neurriz kanpoko jarrerengatik. Hiru partidatan emaitzak eskasak izan ziren, esaterako, Rai bikote zuela, hiru tanto baino ez zituzten lortu Aimar Olaizola eta Iņigo Pascual-en aurka. Labrit-eko zaletuek txistu eta oihu artean agurtu zuten Oronozko pilotaria; egia esan, sarrerak ez dira merkeak eta ikusleek ordaintzen dutenean partida onak ikusi nahi dituzte.
ASPE-ko pilotariak ez ditu, orain arte, pilotari profesional bati eskatu beharreko emaitzak eta jarrera izan. Askoren iritziz, errua ez da berea soilik, alegia, enpresaren akats handia izan zen behar bezalako prestakuntza ez duen pilotariari txapelketan parte hartzen uztea.
Buruz buruzkotik kanpora
Martxoan komunikabideen aurrean egindako agerraldi publikoan aitortu zuenez, ez dago buruz buruko txapelketan parte hartzeko moduan, bizitza eskuetatik joaten ari zait, bai alde profesionalean eta baita pertsonalean ere, esan zuen Goņik.
Ez da pelotariak bere bizimodua zuzentzeko asmoaren berri emateko kazetariekin hitz egiten duen lehen aldia.
|
Baina, besteetan ez bezala, oraingo honetan, txapelketatik kanpora geratzea gauza adierazgarria izan daiteke. Orain arte ez du esandakoa bete, oraingoan bere bizitza jokoan dagoela aitortu du eta tratamendu psikologikoan hasia dela ere esan zuen. Egunero, Proyecto Hombre-ren gune batera joaten da Hernanira, arazo psikologiko eta pertsonalak gainditzeko asmoz.
Oronozko pilotariak arazoak ditu
Aitortu duenez, gauez bizi zen, eta arazoak kirol mailakoak ez ezik, familia artekoak ere baziren. Honek guztiak zer pentsatua eman dio, eta badirudi une oso txarrak pasa dituela. Oraindik erretzen duela onartu du, hamabost zigarro inguru egunero, baina alkohola edateari utzi dio.
Oronozko aurrelariak gogo handia du berriro pilotan jokatzeko, eta medikuek ere jokatzea ona izango dela diote. Dudarik gabe hurrengo txapelketan jolastea tratamendurako gauza oso lagungarria izango litzateke, horixe adierazi zuten bere sendagileek.
Mikel Goņi, nolanahi ere, gazteon artean harrera eta estimazio handiko pilotaria da eta denoi gustatuko litzaiguke hurrengo hilabeteetan bere aldaketaren testigantza fidagarria ikustea. Denok espero dugu Goņi II-ak borrokatzen jarraitzea, bizitza aldatzeko. Guk animoak bidali nahi dizkiogu eta ea datorren urtean ikuskizuna emateko aukera duen.
Zorte on!
|