Tristea badirudi ere, gerrak gaur egun ez dira nobedade. Golkoko gerratik hona, eta baita lehendik ere, Ameriketako Estatu Batuek beti izan dute beste herrialdeekiko nagusitasuna azaltzeko gogoa, beti faltsuak diren akusazioak eginez eta ekintza ankerrak burutuz. Kasu honetan ere, nahiz eta bertsio ofizialaren arabera, Sadam Huseinek herrian “ezarria zuen diktadura ezabatzea” helburua izan, gero eta argiago dago George Bushen gobernuak urre beltza lortu nahi izan duela.
Hori dela eta, gerra ozenki salatu behar dela uste dut. Ni, behintzat, gerra honen aurka nago. Eta ni bezalaxe, beste milioika eta milioika lagun, eta ez da gure ahotsa errespetatu. Berriro ere demokraziak huts egin digu.
Hori gutxi balitz bezala, gerra hau aurrera eramateko argudioak gezurrean oinarritu dira, eta hori egungoa bezalako gizarte “demokratiko” eta libre batean ez da zilegi.
|
Zergatik galarazi besteei arma kimikoak izatea, norbera hauen jabe denean? Zergatik besteen diktadura salatu eta ezabatu, norbera diktadore denean? Zergatik hainbeste biktima zibil? Zoritxarrez, erantzunik gabeko galdera gehiegi daude, eta honek guztiak gero eta gehiago sendotzen gaitu gerraren aurkako jarreran.
Besteak beste, ez dugu ahaztu behar Iraken gertatutako hilketa guztiak gerrako krimen modura hartu beharko liratekeela. Gerra hau erabat zentzugabea da eta argi dago zeintzuk diren erantzuleak. Nabarmendu nahi nuke baita ere demokrata izenez Irak "salbatzera" joandakoak direla diktadore handienak, eta baita hauen laguntzaile diren Aznar eta Blair ere. Hauei ere iritsiko zaie ereindakoa jasotzeko garaia.
|