|
Donostia auzoka
**
“Gure letrak zaintzea gustatzen zaigu”
Angeles del Infiernoren garaitik denbora luze joan da, baina Euskal Herrian egindako rock-a eta heavy musika indar handiz ari da. Su Ta Gar bezalako taldeek izandako bultzadak garbi utzi du musika estilo honek harrera ona duela euskal gazteen artean. Bere lana plazaratzen saiatzen ari den Azken Garraxia talde donostiarrarekin jardun dugu solasean.
     
Azken Garraxia taldeko Bior bateria jotzaileak Koldo Mitxelena sarietan ere jo zuen, Udal Musika Eskolako jazz taldearekin.
Lehenik eta behin, nortzuk zarete Azken Garraxia?
Imanolek eta Jonik gitarra jotzen dute, Jon baxu jotzailea da, Bior bateria jotzailea eta Javi abeslaria
Noiztik zaudete elkarrekin?
Jonirekin duela lau bat urtetik, eta besteekin, ez hain aspaldi: Jonekin duela urte eta erditik, eta Biorekin duela pare bat hilabetetik.
Zein taldek du eragina zuengan?
Guk denetarik entzuten dugu. Maketan heavy klasikoa egin genuen. Egun, abesti berrietan, ez hainbeste. Tira, egiten duguna heavy musikan sar daiteke, baina gustatu, mota guztietako musika gustatzen zaigu.
Nola konposatzen dituzue lanak?
Aurrena musika egiten dugu, eta gero egindakoari letrak jartzen dizkiogu.
Zein bitarteko erabiltzen duzue?
Ordenadorerik eta horrelakorik ez dugu erabiltzen, erritmo kaxa besterik ez. Bateria gabe egon ginen garaian, abestiak lantzerakoan, programatu egiten genituen erritmo kaxa batetan, baina ez dugu aparteko aparailurik erabiltzen.
Zuen letrak, alderdi poetikoari, errebindikatiboari… Zeri begiratzen diete?
Kantu berrietan letrak landuagoak dira. Poetikoak diren ez dakit, baina letrak zaintzea gustatzen zaigu.
|
Dagoeneko maketa bat baduzue kalean. Zer nolako esperientzia izan zen grabazioa?
Oso ona, kar, kar, kar… Gainera, grabaketa egin zigun tipoarekin oso gustura aritu ginen.
Epe laburrean, besterik grabatzeko asmoa al duzue?
Bai, bi hilabete barru edo, abesti berriak ongi ateratzen direnean, gure aldetik grabatzeko asmoa dugu. Gero disketxeetara bidali nahi dugu, ea norbaitek kaleratzen digun.
“Euskadin rock´n´roll-ak ez du inoiz dirurik emanen”.
Konforme al zaudete Hertzainak-en abesti horrekin?
Kar, kar, kar… Guk, behintzat, ez dugu askorik irabazten!
Beraz, zuena afizioa da, ofizioa baino…
Bai. Nahiago genuke afizioa ofizio bihurtzea, baina…
Taldea osatzea, entsegu lekua lortzea-eta, zaila dela diote zenbait taldek. Zein iritzi duzue?
Herri batzuetan, udalek jartzen dituzte entsegu lekuak eta mota horretako laguntzak. Hemen, Donostian, ez da halakorik gertatzen. Guk lokal hau lortu genuenean zorte handia izan genuen, baina, oro har, oso garestia da.
Su Ta Gar, Idi Bihotz, Asgarth, Hira… Heavy musika indarra hartzen ari da Euskal Herrian. Azken Garraxia euskal heavyaren etorkizunaren parte al da?
Kar, kar, kar… Hor aipatutako talderen batekin ez gara oso pareko sentitzen. Dena dela, beraiek adina disko salduko bagenitu, ez ginateke inola ere kexatuko!
Epe motzean kontzerturik eman behar al duzue?
Ez, kantu berriak gehiago landu nahi ditugu. Bi edo hiru hilabete barru berriro ere jo ta ke hasiko gara.
    
|
|
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****
|
|