euskaraz.net
Han eta hemen

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 63 2003/06 »  Han eta hemen


Han eta hemen

***


     

Alderdi Ederreko Karrusela

Alderdi Ederreko parkeak badu berezitasun bat: karrusela. Duela 4 urte Frantzian egindako zaldiko-maldiko polit-polita da, eta 1900. urtean egindako lehen karruselen modukoa da. Frantzian horrelakoak egiteko tradizioa handia izan da, eta Donostiara iritsi zenean ere arrakasta handia lortu zuen.

Lehen, han jarritako musika berezia zen, baina azken bolada honetan denetarik jartzen dute. Arratsaldean pailazoen abestiak entzun daitezke eta Donostiako Aste Nagusiko gauak animatzeko, udako abesti famatuenak.

Egin eta ekarri zutenetik ez da gehiegi hondatu, egurra margo bereziz pintatu zutelako, euria eta itsasoko uraren gatza ongi jasateko moduan.

Adin guztientzat eginda dago eta helduen artean bueltak ematen dituen katilua da tramankulu arrakastatsuena. Haurren artean, berriz, zaldi beltza.

Bertan lan egiten dutenek badakite batzuetan jendea ordaindu gabe igotzen dela, baina berdin zaie, ezer puskatzen ez badute, behintzat.

Emaztegaiarekin joateko nahiko leku erromantiko, lasaia eta polita da, argiz beteta dago eta.
Eguneroko bainua


Donostiako Kontxa hondartzan, 10.00ak aldera, erretiratu talde bat elkartzen da egunero. Kirola egiteko kemen handia dute oraindik. Kabina batean elkartzen dira eta ondoren ekiten diote kirol jarduerari. Behin ordu erdiz beroketa ariketak egiten aritu ostean, korrika egiten dute hondartzan. Azkenik, uretan sartu eta bertan 20 minutuz egoten dira.


Normalean bainujantzia besterik ez daramate, baina giroa oso hotza bada, eskarpinak ere jartzen dituzte. Jada eguraldia hobetzen ari denez, jendeari talde hauekin elkartzeko gonbitea egin nahi genioke, osasuna hobetzeko eta giro atseginean egoteko primerakoa baita.






Denok Hawaira!


Aurtengo udan nora joan oraindik ez baduzu erabaki eta itsas bizitza miresten baduzu, hona hemen leku zoragarri bat: Hawai irlak. Oahu-k murgilketarako ehunkada aukera du. Bertako giroa aparta da, eta inon aurkitzen ez diren itsas espezieak topa daitezke.

Bigarren Mundu Gerran hondoratutako ontziak eta hegazkinak ere badira. Murgildu al zara inoiz laba tunel batean? Hala ez bada, Hawain egin dezakezu. Murgilketa gauez egiten baduzu, gainera, ederragoa izan daiteke.





Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****