|
Elkarrizketa
**
"Unanue-Zar baserria kiskalita"
Baserri batek su hartzea eta guztiz galtzea ez da gauza berria. Martxoaren 25ean, suak Añorgako Unanue Zar baserria hartu eta garrek erabat suntsitu zuten. Amassorrain ikastolako 3. eta 4. mailako ikasleek Jose Antoniori, Unanue-Zar baserriko nagusietako bati, elkarrizketa egin diogu.
Noiz erre zen baserria?
2003ko martxoaren 25an, goizeko 7:50 aldera.
Nor konturatu zen lehenengo?
Sutondoan zegoen Ana Agirrezabalak ikusi zuen.
Nork deitu zien suhiltzaileei?
Alazne Olaizola nere ilobak eta baserritik, nik neuk.
Zer gertatu zen suhiltzaileekin?
Suhiltzaileak azkar etorri ziren. Uste baino sute handiagoarekin topo egin zuten eta, nire ustez, ez zuten beharrezko tresneria ekarri. Ondorioz, menpera zitekeen sutea ez zuten menperatu.
Sute honetan, zauriturik egon al zen?
Zorionez, ez. Ez zen inor zauritu.
Badakizue nola sortu zen sutea?
Tximiniatik atera zen eta txinpartak hego haizeak zabaldu zituen.
Nolako kalteak izan dituzue?
Handiak, etxea erabat erre zaigu eta.
Zer salbatu zenuten?
Gure bizia salbatu genuen eta beste guztia erre egin zen.
|
Etxekook non bizi zarete orain?
Familiak duen ondoko etxe batean.
Etxea konpontzeko asmoa al duzue?
Bai, baserria konpontzeko asmoa dugu.
Laguntzarik ba al duzue?
Foru Aldundia interesaturik dago, baina Udaletik ez dugu oraindik ezer jaso.
Nola portatu dira auzokideak?
Oso ondo.
Aspaldikoa al zen baserria?
Gure etxea aspaldikoa zen, dokumentu batzuek diotenez, XIII. mendekoa.
Ba al duzu esateko besterik?
Azken urte hauetan barnetegi modura erabiltzen genuen baserria. Juxtu etxea erre aurretik, Hernaniko Langile Ikastolakoak egon ziren. Eginda zeuden eskaera guztiak, noski, bertan behera gelditu dira.
|
|
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****
|
|