|
Erreportajea
***
Errugbia, kirol ikusgarria
Kirol ezaguna dugu errugbia. Donostian bertan ere bada kirol honetan jarduteko aukera. Baina, ba al dakizu nola sortu zen errugbia?
Errugbia futbolaren aldaera da, besterik gabe. XIX. mendeko erdialdean, Ingalaterrako eskola eta unibertsitateetan, futbolean aritzeari ekin zioten; kirol zelai erraldoietan, berrogeita hamar edo ehun jokalarik osatutako taldeak aritzen ziren futbolean. Jokoa nahiko erraza zen: baloia aurkakoen zelaiaren azken marraraino eraman behar zuten. Baloia oinetara jaisteko eskuak erabil zitezkeen; gero ostikada baten bidez beste muturreraino eraman behar zuten. Aurkarien lana beste taldekoak geldiaraztea zen, edonola: zango trabatzea, bultzatzea, ostikoak jotzea....
Egun batean, William Webb futbolean ari zela, irabaztea ezinezkoa izango zitzaiola ikusirik, amorru biziz, baloia bi eskuekin hartu eta azken marraraino eraman zuen. Inori ez zitzaion gaizki iruditu portaera hura. Are gehiago, arrakasta izan zuen eta beste eskola eta unibertsitateetan ere futbol mota hau imitatzen hasi ziren.
Futbol aldaera hau gero eta maizago jokatzen hasi zen. Hala, 1841ean lehendabiziko arauak ezarri ziren, futbol berezia nolabait ofizial bihurtuz. Une hartantxe errugbia jaio zela esan dezakegu.
|
Bera-Bera eta Atletiko
Kirol honek, Donostian, zale asko izan ditu betidanik. Izan ere, gaur egun, errugbian aritzen diren bi klub ditugu gure hirian: Bera-Bera eta Atletiko. Bera-Berako taldeek Anoeta aldean egiten dituzte entrena- menduak eta Atletiko-koek Aieteko errugbi zelaian eta, ahal denean, baita hondartzan ere. Adin guztietako neska-mutilak aritzen dira entrenamenduetan. Hala ere, goi-mailako taldeetako partaide guztiak gizonezkoak dira.
Bi klub hauek, Donostiako ikastetxeetan, errugbian nola jokatu behar den irakasteko eskolak ematen dituzte ikasturte osoan, belaunaldi berrietan zaletasuna sustatzeko asmoz. Zure eskolan izan ez badira, hurbil zaitez hauetako edozein klubetara eta proba egin ezazu. Lagun berriak giro ezinhobean egingo dituzu eta primeran pasatuko duzu.
|
Baloi berezia
Pixkanaka-pixkanaka berariazko nortasuna hartzen hasi zen eta futboletik gero eta gehiago urruntzen. 1871eko urtarrilaren 26an, Londresen, Ingalaterrako 21 talde elkartu ziren eta errugbi modernoaren arauak finkatzen hasteko Foatball Union elkartea sortu zuten; arbitroa ezarri zuten, adibidez. Eta baloia besapean errazago eramateko, oboide itxura ematea pentsatu zuten; hauxe da, hain zuzen, borobila ez izatearen arrazoia.
|
1872an, Parisen, jokatu zuten lehen aldiz errugbian olinpiar jokoetan. Urte hartako edizioan Eskoziak, Galesek, Hegoafrikak eta Zeelanda Berriak parte hartu zuten. Garai hartan ere lehendabiziko jokalari profesionalak sortu ziren, hau da, jokatzearen truke dirua irabazten zutenak.
Estatura 1923an iritsi zen errugbia, Kataluniara, alegia. 1925ean Espainiako Liga sortu zen, eta Bartzelonako taldeak Toledoko Infanteriaren kontra irabazi zuen.
|

|
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****
|
|