euskaraz.net
Gazilian boluntario

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 63 2003/06 »  Auzoka 63 2003/06 »  Gazilian boluntario


Ekologia

***

“Galiziarrek boluntarioei

egindako harrera

izugarria izan da”

Prestige itsasontziaren hondamena gertatu zenean, Harkaitz Landaberea Galiziara joan zen garbiketa lanetan laguntzera. Han bizitakoaren berri eman digu elkarrizketa honetan.




Zergatik joan zinen Galiziara? Zerk bultzatu zintuen?

Lehenik eta behin, Galiziara joan nintzen Prestige hondoratu ondoren egoera nahiko larria eta kezkagarria iruditu zitzaidalako. Denon ahaleginak elkar jarriz, fuelolioa honaino iristea saihestuko genuela uste nuen.

Nolakoa izan zen harrera?

Niri Muxia herria egokitu zitzaidan, 800 biztanleko herri txiki eta atsegina. Bertakoen harrera izugarria izan zen. Biztanleek, gu ikustean, besarkadak, musuak, eskerrak... eman zizkiguten.

Bakarrik ala lagunekin joan zinen?

Bakarrik joan arren, iritsi bezain laster jendea ezagutu nuen; esan behar da aurkitu nituen gehienen jarrera oso irekia eta elkartasunezkoa izan zela.

Nolakoa da fuel olioa?

Plastilina beltz antzekoa da, oso pisutsua eta formarik gabekoa. Lodia denez, ezin da zatitu eta dena itsatsi egiten da; manipulatzeko ez da samurra eta kontu handiarekin ibili behar da, oso kutsakorra baita.

Zenbat tona fuel olio jaso zenituzten?

Hogeitabost tona, gutxi gorabehera. Lehenengo egunean hamabosten bat tona eta bigarrenean, hamar.

Zenbat ordu pasatzen zenituzten egunean fuel-a jasotzen?

Lau ordu inguru. Gu arroketan geundenez, itsas behera zegoenean besterik ezin ginen horretan aritu.

Non egiten zenuten lo?

Lehenengo egunean kiroldegi batera eraman gintuzten, eta hura beterik zegoenez, ikastetxe bateko kiroldegian sartu gintuzten. Egia esan, ezin kexatu, kirol koltxoneten gainean eroso samar egin baikenuen lo.
Fuel olioa biltzeko jantziak nolakoak dira?

Bi jantzi mota daude; azpikoa eta gainean eraman beharrekoa.

Azpikoa berdea da, plastiko gogorrez egindakoa, eta erabili ondoren gorde egin daiteke berriro erabiltzeko. Gainekoa zuria da eta erabili ondoren bota egin behar da.

Aurpegia babestu al zenuten?

Arnasketarako filtroak erabiltzea ezinbestekoa zen. Neurri guztiak hartuta ere, baziren erabat zorabiatuta atera behar izan genituenak. Beraz, atera kontuak!

Zein ondorio atera zenuen halako asteburu baten ondoren?

Egia esatea nahi baduzue, ondorio bat baino gehiago atera nituen. Dena den, bi nagusiak honakoak dira. Batetik, herrialde guztietako gobernuei eskatu beharko litzaieke neurriak zorrotz betetzea, horrelako hondamendirik gerta ez dadin. Bestetik, hondamendiak egiten duen kalte ekologikoa zein ekonomikoa gainditzeko, urteak beharko dira eta eginbeharra ezin da boluntarioen esku utzi. Gobernuaren erantzukizuna da.










Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****