euskaraz.net
Donostia auzoka 2

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 64 2003/11 »  Donostia auzoka 2

* *

Añorgako museoa ezagutuz



Amassorrain ikastolako 3. eta 4. mailetako ikasleok Rezola Museoan egon gara. Museoa ikusteaz gain, bertako arduradun Itsaso Bikuñari elkarrizketa egin diogu.

Zein urtetan eta zertarako eraiki zen museoa?

2000. urtean. Porlana egiteko prozesuak sortzen duen jakinmina asetzeko eraiki zen.

Zer zegoen lehen hemen?

Garai batean, Añorgako eskola zegoen.

Nork diseinatu zuen museoa eta zein material erabili zuten museoa egiteko?

Peña Gantxegi arkitektuak diseinatu zuen eta porlana, naturbeks eta isolatzeko celenit produktuak erabili zituzten.

Nork eraiki zuen museoa?

Cementos Rezolak bideratu eta eraiki zuen.

Zein neurri ditu museoak?

Gutxi gorabehera, 250 metro karratu.



Nola dago antolatuta museoa?

Hiru eremu ditu. Bata, ikus-entzunezkoen gela; bestea, erakusketa iraunkorraren gela eta hirugarrena, aldi bateko erakusketa gela.
Nondik jaso dituzue erakusketako lanak?

Gehienak erreprodukzioak dira; argazkiak daukagun fototekatik, ekonomato materialak garai bateko ekonomatotik... Laburbilduz, denon laguntza eta ekarpen- ekin.

Museoko lanak, erakusketak... aldatzen al dira?

Bai. Urtero programazio ezberdinak ditugu: Txillidaren maketak, Hannoverreko erakusketa bat, Gaudi ospetsuaren erakusketa bat (bera jaio zeneko 150. urteurrena ospatzeko) eta diseinu industrialaren inguruko Bitraren erakusketa.

Urria bukaeran Finlandiatik Albaratoren erakusketa ekarriko dugu. Udan, 5-12 urte bitartekoentzat, tailer bat ireki nahi dugu. Helduei zuzenduta, beste tailer bat daukagu, ondare industrialari buruzkoa.

Zein ordutegi daukazue?

Astelehenetan itxita dago. Larunbatean 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Gainerako egunetan, 10:00etatik 14:00etara.

Zenbat jende sar daiteke museoan?

Txanda bakoitzean, ehun bat lagun.

Urtean zenbat jende etortzen da?

Joan den urtean, gaztetxoak, helduak eta profesionalak kontuan hartuta, 13.000 lagun inguru etorri ziren.

Museo hau porlanari eskainita dagoenez, azalduko al zeniguke zein den porlanaren prozesua?

Oro har hitz eginda, bi harri mota erabiltzen ditugu: karea eta marga. Prozesu baten bidez klinkerra lortzen dugu, gero igeltsua gehitu eta porlan mota bat daukagu. Bestelako gehigarriak erantsita, beste porlan mota batzuk lortzen ditugu. Kontuan hartu behar da porlana zertarako erabiltzen den, eta horren arabera, porlan mota bat edo bestea egiten dugu.