euskaraz.net
Erreportajea

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 64 2003/11 »  Erreportajea



* * *

Gure azala eguzki izpien erasoen aurrean





Joan zaigu aurtengo udara eta baita egunik eguzkitsuenak ere. Oporrak, herrietako festak, hondartza zein mendietako aisialdia, behin eta berriro errepikatzen diren “udako abestiak”, azalaren kolore iluna... joan zaizkigu udararekin batera.

Eguzki izpiak bizitza eta energia sortzaile ditugu. Gure izartxo honek argia eta beroa eskaintzen dizkigu eta hezurretarako, azalerako eta ilearentzako oso mesedegarria da. Gure animua ere goratzen du, beroak eta argiak erlaxatzen baitute eta umorea ere alaitzen baitigute.

Baina, den-dena ona ez denez, kontuan izan beharreko zenbait gauza aipatuko ditugu oraingoan.



A eta B motatako izpi ultramoreak

Eguzkiak erre gaituela diogunean, B izpi ultramoreek sortutako erredurez ari gara. Izpi horien erradiazioek sortzen dute gure azalean minbizia, zelulen ADNa kaltetzen dute eta.

Izpi hauetatik (UVB) babesteko, ezinbestekoa da krema egokiak erabiltzea. Horretarako, adi begiratu kremen inguruko informazioa, ontzietan zehatz mehatz agertzen baita zein azal motarako diren egokiak.

Krema egokia aukeratu

Behin eta berriro aipatzen dugu krema beharrezkoa dela gure azala eguzki izpietatik babesteko.
Begi bistakoa da pertsona bakoitzak azal mota ezberdina duela eta bakoitzak krema mota bat behar duela. Argitu dezagun, bada, nola aukeratu krema egokia. Garrantzitsuena fototipoa zehaztea da eta, horretarako, alboan dugun fototipoen taulan begira dezakegu.

Norberaren fototipoa jakin eta gero, eguzkitara jotzen dugunean, B izpi ultramoreen indarra zenbatekoa den jakin behar dugu. Izan ere, ez da gauza bera eguzkipean uztailean goizeko 10.00etan edo arratsaldeko 03.00retan jartzea edo azaroan, 12.00etan. Unean uneko krema egokia hautatu behar da, betiere norberaren fototipoaren arabera.



Kremak erabiltzeko gomendioak

Norberaren fototipoa eta B izpi ultramoreen kopuruak kontutan hartuta aukeratu behar da krema. Oso garrantzitsua da, gainera, lehen eguzki egunetan 15etik gorako babesa duten kremak erabiltzea. Eguzkitara jo baino ordu erdi lehenago eman behar da krema, ugari eta ongi banatuta. Eguzkitan bi ordutik gora pasatu ostean, berriro krema eman behar da. Bainatu ondoren ere krema berriro ematea garrantzitsua da. Zaindu bereziki, aurpegia, lepoa, sorbaldak, belarriak, besapeak, oin bularrak, soiluneak eta papar aldea.

Haurrentzat babes berezia

Haurrek babes berezia behar dute eta hona hemen beraientzat zenbait gomendio. Hiru urte baino gutxiago duten haurrek ez dute eguzkia hartu behar. Umeek krema bereziak behar dituzte, babes handikoak, uretan ere eragina dutenak. Itzaletan egon arren, beti kremen babesa eman behar zaie. Betaurreko, arropa, txano eta abarren babesa ere ezinbestekoa da. Azkenik, ura maiz edatea ere garrantzitsua da.



Eguzkitik babesten ikas dezagun





Ez jarri eguzkipean eguerdiko hamabiak eta arratsaldeko laurak bitartean.

Oso kaltegarria da eguzkitan denbora luzez egotea. Zer esanik ez, loak hartzea; intsolazio arriskua izango duzu.

Haurrek babes bereziak (txanoak, kamisetak, eguzkitako betaurrekoak, krema...) behar dituzte.
Eguzkiaren eraginez, azalean ditugun orin, oreztak... neurriz zein kolorez aldatzen badira, joan azkar dermatologoarengana, azaleko gaitzentzako mediku bereziarengana.
Erabili eguzkitako betaurrekoak. Betaurrekoek izpi ultramoreen % 100 xurgatzen dutenak izan behar dute.
Zure azalak beharrean duen krema erabil ezazu maiz eta estali zure gorputza, kapelak, kamisetak... erabiliz.


Fototipoa zehazteko taula