euskaraz.net
Elkarrizketa 2

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 64 2003/11 »  Elkarrizketa 2



* * *

“Bikoizketa lanbide polita da”

Nekane Saroberekin, Shin Chan-en ahotsa egiten duen emakumearekin, bere lanari buruz hitz egiten aritu gara. Bera bikoizlea da.



Gogorra al da zure lanbidea?

Ez, gogorra ez, baina batzuetan neketsua da, ahots aldaketengatik. Batez ere, animalien ahotsak egitea kostatzen zait.



Zenbat urte daramatzazu bikoizketa lanetan?

19 urte daramatzat.

Zenbat urterekin hasi zinen lan honetan?

28 urte nituela hasi nintzen bikoizketa lanetan.

Shin Chan-ekin identifikatzen al zara?

Bai, asko identifikatzen naiz Shin Chan-ekin, konplizitate handia daukat.

Shin Chan-ek zenbait kritika jaso ditu. Zer uste duzu? Shin Chan umeen heziketarako txarra al da?

Shin Chan behin ere ez da izango eredu. Shin Chan marrazkia da, gidoi baten barruan sortutako pertsonaia.

Misaek Shin Chani ematen dizkion zaplastekoak biolentzia direla uste al duzu?

Biolentzia, ez; gainera, Shin Chani ez zaizkio batere axola amak emandako zaplastekoak.

Shin Chan-ez gain, beste pertsonaiarik bikoiztu al duzu?

Bai, egia esan, pertsonaia asko bikoiztu ditut. Adibidez: Kalimero, Txopinko, Suneo, Jonosuke, Pello… Gainera, ia guztiak euskaraz izan dira.

Nola lortzen du bikoizle batek bere papera sinesgarri egitea?

Bikoizleak pertsonaiak esaten duena sentitu behar du, garrantzitsuena pertsonaiaren egoeran sartzea da.
Inoiz gertatu al zaizu pertsonaia baten paperean sartu ahal ez izatea?

Ez, batzuetan zailagoa izaten da, baina saiatuz eta gogoa jarriz, azkenean ateratzen da.

Denbora luzez aritzen al zarete bikoizketa lanetan?

Pertsonaiaren arabera izaten da. Batzuekin goiz osoa egon behar izaten dut eta beste batzuekin pare bat ordurekin nahikoa da.

Zein pertsonaia bikoiztu zenuen lehenengo aldiz?

Egia esan, ez dut oso ondo gogoratzen, baina Txopinko izan zen nire lehenengo pertsonaietako bat.



Zuk egindako lan guztietatik, zein duzu gogokoen?

Txopinko eta Shin Chan. Txopinko nire lehenengo pertsonaietakoa izan zenez, maitasun handia diot. Shin Chanek, berriz, arrakasta handia izan du eta, gainera, oso ondo pasatu dut hura bikoizten.

Pelikula batean pertsonaiarik bikoiztu al duzu?

Bai, “Kiriku eta sorgina”, “Shin Chan”, “Doraemon”, “Murielen ezkontza” eta beste zenbait filmetan aritu naiz. Eta guztiak oso esperientzia atseginak izan dira.

Zer esango zenieke bikoizle izan nahi duten haurrei?

Hori benetan gogoko badute eta hori izan nahi badute, saiatzeko eta aurrera egiteko. Oso lanbide polita dela uste dut eta horregatik animatu egingo nituzke.