euskaraz.net
Kirolak 1

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 64 2003/11 »  Kirolak 1

* * *

“Entrenatzera korrika joaten naiz,

horrela dirua aurrezten dut eta sasoian mantentzen naiz”

Azkenaldi honetan, etengabe hitz egiten da futbolaz; Beckham gora eta Ronaldiño behera, azkenean, burua berotzen digute. Pentsatzen jarrrita, ordea, benetan merezi duten futbolariak mutur parean ditugunak dira, etxekoak, alegia. Gaur Endika Erregerena dugu gurekin. 18 urteko gazte honek jada 12 urte daramatza futbol munduan.





Zer moduz hasi da aurtengo denboraldia?

Buru belarri ekiteko prest nagoela ziurta dezaket.

Nola hasi zinen futbolean?

Beno, lehen esan duzun bezala, sei urte ditudanetik ari naiz mundu honetan. Denok dakigunez, hasiera batean, kirol edota eskolaz kanpoko ekintza bezala hasten da, txikia zara eta gurasoek apuntatzen zaituzte zerbait egin dezazun eta, badakizu, betiko kontuak. Baina, gero, denbora joan ahala, konturatzen zara, batzuetan ez dela kirol bat baizik eta bizitzeko modu bat. Benetan balio duzula konturatzen zara eta orduan, gogo handiagorekin ekiten diezu entrenamendu saioei.

Gaur egun Easo-ko institutu politeknikoan nago batxilergoa atera nahian, eta hau atera bezain laster, lanbide hezkuntza egiteko asmotan nabil eta gero nork daki non amaituko dudan.
Txoritxo batek esan didanez, ez zara beste mutil batzuk bezalako futbolaria, izugarrizko jokalaria omen zara. Realean sartzeko probak egin zizkizutela ere esatea ahaztu zaizu eeeh....

Je, je ez dakit nork esan dizun, baina, hori sekretua zen. Bai egia da, egun batean nire entrenatzailearekin kontaktuan jarri ziren eta proba batzuk egin nahi zizkidatela esan zioten, baina azkenean eta gutxigatik ez ninduten taldean hartu. Egia esan, ez ninduten une on batean harrapatu, txorkatilan lesio txiki bat izanda nuen aste batzuk lehenago.

Orain arte zein taldetan aritu zara?

Beno nire futbolari bizitza, Amara Berri taldean eman dut, sei urte nituenean areto futbolean hasi nintzen, urte batzuk geroago hondartzan jokatzen hasi ginen eta hortik belar artifizialeko zelai handitara pasa ginen. Lehengo denboraldian, mailaz igotzekotan egon ginen, baina, azkenean, ezin izan genuen, bigarren geratu baiginen. Aurten taldez aldatzea erabaki nuen, Herrerako sporting taldeak urte batzuk zeramatzan nire atzetik eta Amara Berrin jada urte asko neramatzanez, aldatzeko erabakia hartu dut. Orain hor jolasten dut, astean hirutan entrenatzen dugu eta entrenamendu saio bakoitzak ordu bat eta erdi irauten du.

Sasoian mantentzeko zer egiten duzun esatea gustatuko litzaiguke, zure sekretua entzuteko irrikitzen gaude.

Egia esan, ez dut sekreturik, egunero entsalada jaten dut beste janari guztietaz aparte, kirola egiten dut eta entrenatzera noanean, motxila bizkarrean dudala, poliki-poliki korrika noa zelairaino. Autobusik ez dut hartzen, eta honela diru pixka bat aurrezten dut eta era berean gorputza punta-puntan mantentzen dut.

Jose Mari Vila