|
Donostia auzoka
**
Sagrado Corazon-Mundaiz
ikastetxearen 100. urteurrena
Ehun urte donostiarren bihotzean
|
Donostiako Mundaiz ikastetxeak ehun urte beteko ditu ikasturte honetan, nahiz eta izen hori 1959an hartu zuen.
1904ko maiatzaren 1ean Marie-Polycarpe anaiak Ijentea kaleko solairu bat alokairuan hartu zuen bere jakinduria donostiarrei irakasteko asmoz. Ez zen ez gaztelaniaz ez euskaraz hitz egiteko gai, eta beraz, frantsesez ematen zituen klaseak.
|
1905eko irailaren 29an Donostiako Sanchez Toca kaleko etxe batera joan ziren eta ikasle kopuruak gora egin zuen berehala: 350 ikasle zituzten.
1956ko azaroaren 30ean Esteban Mujika eta Ebaristo Unzalu anaiek Mundaiz izeneko lursaila erosi zuten. Handik bi urte eta erdira eman zituzten Batxilergo lehen ikasketak gaur egun Mundaiz izenez ezagutzen dugun ikastetxe honetan, 1959ko apirilaren 6an, hain zuzen.
Gure hiriko pertsonaia ezagun asko Mundaizeko ikasle izana dira; esate baterako, Odon Elorza alkatea bera.
Mundaiz ikastetxeak egokitzapen asko egin behar izan ditu ehun urte hauetan: hasieran klaseak ezinbestez frantsesez ematen ziren arren, gero gazteleraz ematen zituzten eta orain, berriz, gure bi
|
hizkuntza ofizialetan, euskaraz eta gazteleraz, alegia.
Ikasketa mailari dagokionez ere, gizartearen eta bereziki donostiarren eskakizunetara egokituz, ikasleak txiki-txikitatik hartu eta unibertsitatearen atean uzten ditu. Hain zuzen ere, oraindik orain inauguratu du txikienentzako eraikina, Batxilergo ikasleek beren eraikina dute eta, tartekoek, bestea. Halaber, ekitaldi-areto berriaz gozatzeko aukera izango dugu.
Mendeurrena ospatzeko, ekitaldi ugari egingo dira ikasturtean, hala nola, jaialdi berezi bat Kursaalean, Lehengo Ikasle eta Irakasleen Eguna, Kirol Eguna, martxa zikloturista, Urgull mendira ibilaldia, Familiaren Eguna, Artzain Onaren katedraleko meza, Maria Cristina hoteleko bazkaria, hainbat erakusketa...
Ehun urte hauetan ikastetxe honekin harremana pertsona askok izan dutenez, jendetza elkartuko da antolatutako ekitaldietan. Horrela, egungo ikasleek garai batekoen berri izango dute, eta lehengo ikasleek “beren ikastetxean” denboraren joanean zer nolako aldaketak izan diren jakiteko aukera izango dute.
“100 urte donostiarren bihotzean” leloari jarraituz, guztion laguntzaz beste ehun urte betetzeko itxaropena dugu.
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****
|