euskaraz.net
Olentzero

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 65 2003/12 »  Olentzero

Erreportajea
***

Urte Zahar gaua

Azken urteotan izugarri aldatu dira festak ospatzeko ohiturak. Hori dela eta, egungo jaien eta garai batekoen arteko aldearen berri eman nahi genizueke.


Balore asko galdu dira eta, gabonetan, kontsumismoak hartu du lekua



Berrogeita hamar urte —gutxi gorabehera— atzera joz gero, gabonetan izugarrizko garrantzia ematen zitzaion familia giroari eta baita familia inguruan antola- tutako ekintzei ere. Gehienetan festa hauek sinismenarekin loturikoak ziren, hau da, kristautasunak ezarritako ohiturak izaten ziren: elizara joan, gabonetako kantuak abestu, familiakoekin elkartu, mahatsa jan... Telebista bera ere erlijioarekin zerikusia zuten gaiei buruz aritzen zen soilik. Gaur egun gauzak bestelakoak dira eta, aurreko hainbat ohitura mantentzen ditugun arren, ez dira zorrotz-zorrotz jarraitzen.

Dena dela, azter dezagun usadio horietako baten zergatia. Zer dela eta jaten da mahatsa? Dirudienez, usadio hau 1909. urtean sortu zen, arrazoi ekonomikoak zirela medio. Alacanteko ortuzain batzuek ezarri omen zuten, dirua lortzeko asmoz.

Honekin batera, baziren eta badira beste ohitura batzuk ere: Urte Berrian barruko arropa gorria eramatea, zortea ematen duelako; txanpan kopa barruan urrezko zerbait botatzea, aurreko helburu berberarekin... Hamaika ohitura zeuden eta daude, lekuan lekuko.

Baina, iragana alde batera utziz, gaur egungoari helduko diogu. Orain, dirudienez, diruak hartu du protagonismo osoa. 600 euro inguru gastatzen omen ditu jendeak ile-apaindegian, arropa erosten, kotiloietan, afaritan...
Jende asko, horiek gabe, ezin omen da dibertitu eta ez omen daki Urte Zahar eguna ospatzen.

Lehen etxean ospatzen zen Urte Zahar eguna, familiartean, lagunekin... Baina, gaur egun, ohitura hori erabat aldatu ez den arren, hein handi batean behintzat, bestelakoa da. Arrazoiak ugariak izan daitezke, baina alde batetik, familia bera aldatu egin da, eta bestetik, erlijioak atzera egin du. Familiari dagokionez, gurasoek lan egiten dute eta beraientzat ere pisutsua da afaria edo dena delakoa prestatzea. Horregatik, kalera irtetea da erosoena. Bestetik, erlijioaren eragina gutxitu denez, balore ugari galdu dira eta kontsumismoak hartu du leku hori.

Esaterako, kontsumismoari dagokionez, diseinatzaile ospetsuen arropak erosteko ohitura sortu da, jaialdi eta afarietara joateko, baita tabernaz taberna ibiltzeko ere. Dena dela, argi dago ohitura guztiek dituztela salbuespenak, eta hemen gizartearen joera erakutsi nahi dugu.



Azkenik, urteak pasatu ahala ohiturak asko aldatu badira ere, jai egun hauen helburua ongi pasatzea eta gustukoenekin egotea izan da beti, eta hala da gaur egun ere. Horretan gizarte guztia ados ez dagoen arren, oraindik ere familia da gunerik garrantzitsuena eta bestela, lagunak.

June Arkaia, Aintzane Azurmendi, Ana Castrillo, Yara Valero eta Esti Zapirain




Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****