euskaraz.net
Edurne Pasaban

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 65 2003/12 »  Edurne Pasaban

Kirolak
**

Edurne Pasabanen ikus-entzunezko espedizioa

Diapolan ekoiztetxeak eta Edurne Pasabanek “Aztarnak” dokumentala sortu dute. Himalaya oinarri hartuta, mendizalearen bizipenak eta sentimenduak azaldu nahi dituzte filmean.


Ez-ohiko espedizio baten protagonista izan da azkenaldian Edurne Pasaban mendizale tolosarra. Oraingoan, Pasabanen helburua ikus-entzunezko materiala biltzea izan da. Kepa Gonzalez bidaia lagun hartuta, “Aztarnak” izeneko dokumentala egin dute eta bertan mendizaleek izaten dituzten sentimenduak, bizipenak eta une latzak agerian jarri nahi izan dituzte.

“Mendiak aitzakia gisa erabili ditugu, baina inguruko beste guztia kontatu nahi genuen”,
adierazi du Gonzalezek, “Aztarnak”-ei buruzko gogoeta egiterakoan.

“Istorio hau benetako gertakizunetan oinarrituta dago”; hitz hauekin hasten da Pasaban eta Gonzalezen dokumentala. Kontraste handikoa da, bi kultura, bi zibilizazio, aurrez aurre baitira une oro. Han grabatutako irudi batzuk Euskal Herrian jasotako beste batzuekin nahastu dira eta guztietan mendizale tolosarra dugu protagonista.




Txuri-beltzean grabatuta

Harrituta geratuko dira asko Himalayako irudiak txuri-beltzean ikusterakoan,
baina lan honek antz gutxi du mendiari buruz orain arte egindako dokumentalekin.

Gainera, ahotsik ez du, musika da nagusi eta Pasabanen txikitako irudiak ere tartekatu dituzte. Sorpresaz beteriko lana da, eta bukaera ere halakoa da. Mendizaleen artean harridura piztu duela dirudi.

Hemendik aurrera herriz herri erakusteko asmoa dute, Euskal Herrian eta Espainiako hainbat tokitan ere: Kordoban, Asturiasen eta Coruńan, besteak beste.

Dagoeneko, zenbait sari jaso ditu dokumentalak eta orain, jendearen artean zer nolako harrera duen ikustea besterik ez da falta.




Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****