Gaztea, 14-17 urte bitartekoa, diru gutxirekin, baina dibertitzeko gogoz. Zein izan daiteke edozein hiri handitan gabonetako, jaietako edo edozein asteburuko gure plana? Helduen gisa, tabernaz taberna ibiltzea edota haur parkeetan jolastea?
Ez gara ez haurtxoak ezta adin nagusikoak ere, baina, gure hirietan asteburuetan edota jaiegunetan lagunekin ongi pasatzea gustuko dugu.
Gurasoekin irteteko tratua lortu ondoren, lagunekin gelditu eta, gehienetan, musika entzuteko eta dantzatzeko aukera dagoenez, tabernetara joateko proposamenak izaten ditu aldeko gehien. Taberna edo ostatu gehienetan nortasun-agiria eskatzen dute.
|
“18 urte ez badituzue, ezin zarete sartu”, entzuten dugu maiz. Beraz, kanpoan dantzatzea besterik ez zaigu geratzen, eguraldia txarra izan arren. Bestalde, sarrera “librea” duten beste taberna horietan, bertako ia guztiak helduagoak izaten dira. Gainera, edateko freskagarriren bat eskatzen baduzu, gurasoek astebururako emandako diruaren laurdena edo erdia gasta dezakezu. Beraz, musika entzuteko edo dantzan aritzeko zailtasunak ditugu.
Gure hirian helduek eta haurrek ongi pasatzeko aukera zabala dutela uste dugu, baina gu, erdibidean gaude, eta badirudi alde batera edo bestera egin behar dugula nahi eta nahi ez. Gaur egun hiriak eskaintzen diguna ez da egokiena eta ez dugu uste hain zaila litzatekeenik guretzat moldatutako lokalak sortzea.
|