|
Donostia auzoka
**
Aldaketa handiak
Mandasko Dukearen kalean
Mandasko Dukearen kalea erabat berrituta dago, eginiko aldaketak direla eta; etxeak, epaitegia, Erdialderako bidea, aparkalekua eta kalea bera ere.
Egiako Mandasko Dukearen karrika gure auzoko kale nagusietako bat da. Hilabete luzez jasan behar izan ditugu berritze lanek sortutako arazoak. Dena dela, orain, aldaketa itzela ikus dezakegu.
Atotxako futbol zelaia zegoen tokian egindako babes ofizialeko etxeek auzo txiki berri bat osatu dute. Horrez gain, aparkalekua, musika eskola, supermerkatua eta denda pila daude.
|
Hortik gertu, eraikuntza dotorea daukagu: epaitegia. Honek jende mugimendu handia sortzen du.
Teresa de Calcuta du izena epaitegi ondoko enparantzak, eta bertatik Erdialdera joateko bidea zabaldu da. Plaza zabala da eta umeak jolasteko leku aproposa.
Mandasko Dukearen kaleko espaloiak askoz ere zabalagoak dira gaur egun, eta bidegorri bat egin dute. Azkenik, errepidearen alde bakoitzak bi bide ditu. Honek guztiak aldaketa mundiala ekarri du.
|
Egiako Plaza Haundiko berrikuntzak aztergai
Egia Bizirik taldeari esker, Plaza Haundin aterpea egitea onartu du Udalak eta 2004. urteko aurrekontuetan sartu nahi dute
|
Egia Bizirik auzoko elkartea da. Bertan, edozein egiatarrek parte har dezake, auzoa hobetzeko gogoa badu behintzat. Izan ere, talde honen helburua Egiako gorabeherak aztertzea eta arazoak konpontzea da. Arazoak konpontzeko, Udalarekin harremanetan daude.
Plaza Haundi Egian biltzeko tokirik garrantzitsuenetariko bat da. Ekintza ugari —Antxeta aisialdi taldearen jaialdiak, zinea, kontzertuak...— Plaza Haundin egiten dira. Adineko pertsonak ere atseden hartzera hurbiltzen dira. Ikastolaren hainbat festa ere hantxe ospatzen ditugu: kaldereroak, inauteriak...
|
Baina Plaza Haundik arazo larri bat du. Euria egiten duenean, jendea ezin da plazan egon, busti egiten baita, eta beroa egiten duenean, berriz, ezin da plazan egon, itzalik ez dago eta. Egia Bizirik taldeak Udalari egindako proposamena aterpe bat eraikitzea izan da. Udalak plazaren zati bat estaltzea onartu du, eta proiektua 2004. urteko aurrekontuan sartu nahi du gobernu taldeak.
Espero dugu Egia Bizirik taldeak horrela jarraitzea, Egiak dituen arazoak konpontzen eta Udalarekin irtenbideak bilatzen.
|
|
|
|