euskaraz.net
Han eta hemen

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 66 2004/02 »  Han eta hemen

Han eta hemen
***

Begien bidez ordenagailuaren kontrol osoa

IRISCOM sistemak begiaren mugimenduaren bidez ordenagailua kontrolatzea ekarri du. 6 eta 75 urte bitarteko erabiltzaileen artean egindako saioetan, emaitzak bikainak dira.

IRISCOM



IRISCOM sistemak Quick Glance deituriko jarraipen-sistema erabiltzen du begiaren mugimenduen segimendua egiteko. Sistemaren gakoa erabiltzailearen begi ninira zuzendutako kameran da. Sistema honen bidez, Windows sisteman saguak dituen funtzio berberak bete daitezke. Esaterako: sakatu, sakatu eta mugitu, bi aldiz sakatu, eskuineko botoiarekin sakatu eta abar.

Sistema honekin erabiltzaileak saguaren erakuslea pantailako edozein puntutan koka dezake, hara begiratze hutsarekin. Botoia sakatzeko begiak itxi egin behar dira poliki-poliki, edo bestela, erakuslea denbora batez toki berean utzi behar da. Gainera, pantailan agertzen diren teklatuen bidez, erabiltzaileak testua idazteko aukera du.
Idazteko, Interneten nabigatzeko, posta elektronikorako, ordenagailuz lagunduriko diseinurako, jokoetarako eta beste hainbat aplikaziotarako erabiltzen da Quick Glance programa.



Sistema hau ezintasunen bat duten gaixoentzat edo elbarrientzat diseinatuta dago.


"Bai bizitzari", dio Ttanttak

Ttantta deitzen da Odol-emaile elkarteko maskota. Hurrengo hilabeteetan Gipuzkoako edozein bazterretako familiek Ttanta ezagutzeko aukera izango dute. Odol ematearen alde ona nabarmendu nahi du Ttanttak. Ttanta gorria, hainbat modutan jantzita agertuko zaigu eta modu horietan guztietan gogoraraziko digu bizitzak jarrai dezan odola ematea beharrezkoa dela. Ttanttaren bidez, elkarteak jende helduarengana (35-40 urte bitartekoengana) jo nahi du, adin tarte horretako jende asko baitago gure gizartean. Honekin batera, edozein adinetako emaileen prestakuntzaz ere arduratzen da Elkartea. Horretarako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleekin jarri dira harremanetan, garbi azaltzeko odola ematea gauza arrunta dela.


Nasa-ren lehen ibiliak Martitzen



Ameriketako Estatu Batuetakoek Martitzera azken satelitearen bidez bidali duten Spirit robota ikerketa lanetan ari da. Tramankulu honek uraren eta bizitzaren aztarnak atzeman nahi ditu. Satelitea Gusev kraterrean dago eta bertako harri laginak hartuko ditu, garai batean kraterra aintzira izan ote zen ikertzeko. Ondoren, East Hill Complex izeneko tontorrerako bidea hartuko du makinak.
Spirit-ek hasitako azterketa lana Martitzen lurreratutako Opportunity robotak egingo duenarekin osatuko da, aipaturiko makinak Martitzeko beste muturrean lur hartu baitu. AEBk gizakia bidali nahi du Martitzera, eta horregatik bi robot hauek egindako lanean oinarriturik, hurrengo bidaiak prestatu nahi dituzte. NASAren asmoa astronautak 2030 urterako Martitzera eramatea da. Horretarako, ordea, diru franko behar da. Zalantzarik gabe, oso helburu zaila da.





Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****