euskaraz.net
Koldo Mitxelena saria: epeak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 66 2004/02 »  Koldo Mitxelena saria: epeak

Erreportajea
***

Koldo Mitxelena saria ate joka

Lanak aurkezteko epea otsailaren 20an bukatuko da

Aurtengo Donostiako Eskolarteko Hamabosgarren Literatur Lehiaketara, Koldo Mitxelena Sarira, aurkezteko epea gainean duzue, otsailaren 20an bukatuko baita lanak ikastetxean aurkezteko edota Euskararen Udal Patronatura bidaltzeko epea. Dagoeneko jende askok aurkeztu ditu lanak, baina nagikerian zaudetenok, azken ahalegina eginez gero, garaiz zabiltzate oraindik.



Aukera zabala

Lehiaketan honetan ez parte hartzeko aitzakiarik ez dago, hamaika maila eta lehiaketa mota baitago: Lehen Hezkuntzako lehen ziklotik hasi (6-8 urte) eta LOGSE Batxilergoa edota Lanbide Heziketaraino (16-18 urte). Lan motari dagokionez, bada non aukeratu: olerkia, ipuina, bertso papera, komikia eta gutun idazketa.
Ez ahaztu, bestalde, maila eta lehiaketa mota bakoitzeko sari nagusi bat dagoela, baina horrekin batera, kategoria bakoitzean bi irabazle nagusi hautatuko direla.



Gero eta parte-hartzaile gehiago

Sariak arrakasta handia du eta urtetik urtera gero eta lan gehiago aurkezten dira. Zenbait datu ematea besterik ez dago lehiaketa osasuntsu dagoela agerian uzteko: iaz Donostiako 32 ikastetxeetako 1.063 haur eta gaztek parte hartu zuten eta guztira 1.150 lan aurkeztu ziren. Lehiaketaren edizio guztiak kontuan hartuz gero, 10.000 ikasletik gora dira azken urte hauetan parte hartu dutenak. Ez da txantxetako kopurua!



Ezer galtzekotan, opariak jasotzeko aukera!

Aipatu dugu lehentxeago, baina berriro errepikatuko dugu: hamaika lan mota egin daitezke Koldo Mitxelena Sarian. Norberak ondoen egiten duena edota gustukoa duena aukeratzea besterik ez du. Parte-hartzaileari gerta diezaiokeen gauzarik txarrena opari bat baino gehiago jasotzea da, bat behintzat patrikan izango baitu lana aurkeztuz gero. Iazko edizioan “Donostiaz badakit” tribial jokoa banatu zen, esaterako. Bestalde, beste zenbait sari eta opari banatu ohi dira irabazleen artean: ordenadore eramangarriak, bideo-kontsola jokoak, diskman-ak, argazki kamera digitalak…

Aurtengo sariak zeintzuk izango diren ez digute aurreratu, baina jakin badakigu, ez dutela iazkoen inbidiarik. Jakin-mina baduzu, aukera bakarra duzu: lanen bat aurkeztu. Erraza da ezta?




Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****