euskaraz.net
Erreportajea

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 66 2004/02 »  Erreportajea

Erreportajea
***

Orbanak azalean



Ikasturte honetako AUZOKAko lehen alean, eguzkiak azalean sor ditzakeen zenbait arazo eta guk hartu beharreko babes neurriak azaldu genituen. Gai harekin ari ginela, azalean berez sor daitezkeen edota jaiotzerakoan gure azalean diren beste zenbait orbanen berri izan genuen. Hona hemen ikusi, ikasi eta aztertutakoa.




Badira azalean sortzen diren orban zuriak. Tantak diruditen orban hauek, besoetan zein hanketan sortzen dira normalki eta baita haurren aurpegian ere. Pitirais alba bezala dira ezagunak eta onddoak dira. Askotan, igerilekuetan kutsatzen gara hauekin eta eguzkiaren eraginez, azal sentikorrak dituzten pertsonengan areagotzen da arazoa. Arazo larria ez den arren, dermatologoarengana jo beharra dago sendatzeko.

‘Kafesne koloreko’ orbanak

A motako izpi ultramoreen eraginez, eguzkiaren beltzaranaren bila joanda, azal zikinaren itxura ere har genezake. Orban hauek agertzen direnean, ezer gutxi egin daiteke: 2 edo 3 hilabetetan, krema bereziak erabiliz, desagertu ohi dira eta beraz, desagertu arte zain egotea besterik ez dago.

Orinak: ‘arazoak’ azalean

Herentziaz gure gorputzean ditugun orinak ere kontutan izan beharrekoak dira.
Orinak, zenbait kasutan, sentsualak eta erakargarriak dira,

gure gorputzaren zenbait ataletan badaude (ezpainen ondoan, bular aldean,...). Hala ere, bizitzan zehar, garatzen joan daitezke eta kaltegarri ere bihur daitezke. Adi beraz.

Orinak baditugu, dermatologoengana joatea da zuzenena; zenbait alditan kendu egin behar izaten baitira eta beste zenbait alditan zaindu besterik ez.

Egoera normalean, orinak eguzkitik babestu behar ditugu kremak, kapelak, kamisetak... erabiliz. Izpi ultramoreak dira, melanina gehiegi duten zelula hauentzat “esnagarri”.

Simetrikoak, ertz uniformedunak, kolore berdintsukoak eta 5 milimetro baino txikiagokoak badira ez dute, normalki, arazorik ematen. Beste kontu bat da baldintza hauetatik kanpoak badira. Dermatologoaren jo eta hark esana entzutea da eman beharreko lehen pausoa.






Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****