euskaraz.net
Elkarrizketa: Aitor Gabilondo

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 66 2004/02 »  Elkarrizketa: Aitor Gabilondo

Elkarrizketa
**

“Berandu samar piztu zitzaidan antzezle izateko nahia”

Errenteriako Aitor Gabilondo aktore eta abeslariari egin diogu elkarrizketa. Donostiara ekarri dugu eta denbora tartetxo bat kendu diogu, berriketan aritzeko. Zuetako gehienoi Goenkaleko Pabloren larruan aritu delako izango zaizue ezagun.




Ikasle ona al zinen gaztetan?

Bai, bai. Ez nuen aparteko arazorik sortzen.

Txikitan amesten al zenuen antzezle izatea?

Ez. Niri nahikoa berandu piztu zitzaidan antzezle izateko nahia. Nik uste dut hogeita bat urterekin hasi nintzela antzezle gisa.

Irudikatzen al zenuen zure burua telebistan edo antzezlekuan?

Ez, inola ere ez. Gustatuko zitzaidalakoan sartu nintzen eta, ikusten duzuen bezala, aukera ona egin nuen.

Nolatan sartu zinen antzerki munduan?

Donostiako arte eszenikoen tailerrean sartu nintzen. Hiru ikasturte dira eta bigarrenaren bukaeran casting bat egiteko deitu gintuzten. Gazte batzuk joan ginen, eta ni aukeratu ninduten. Hortik aurrera lan bat bestearen atzetik etorri zait.

Zer iruditzen zaizu gaur egun ikastetxeetan antzerkia aukerako gai bezala eskaintzea?

Ondo, hortik kanpora ez baitago antzezten ikasteko aukera handirik. Beraz, ikastetxeetan eman daiteke lehen pausoa.

Noiztik ari zara antzerki munduan lanean?

Lanean? Duela hiru urtetik.

Zein pertsonaia mota antzeztea duzu gogokoen?

Gaiztoarena egitea gustatzen zait; bai, oso ondo pasatzen dut. Txoroarena ere askotan egin dut, esketxetan eta abarretan.


Antzezteko abesteko baino esfortzu handiagoa egin behar dut”

Baina, gaiztoarena eginez gero, antzokitik kanpora ere gaiztotzat hartuko zaituzte, ezta?

Bai, baina ni normalean oso txintxoa naizenez… Kar, kar, kar! Arazoa da, noski. Goenkale-n Pablorena egiteagatik gertatu zait. Gaur bertan, adibidez, hona nentorrela, emakume bat hurbildu zait “tranposo, tranposo!” esanaz, eta besterik gabe joan egin da. Une txarrik pasarazten ez badizu behintzat, oso kuriosoa da.

Eta gutxien gustatzen zaizun pertsonaia mota?

Orain arte, behintzat, bai antzerki tailerrean eta bai beste lanetan ere, pertsonaia guztiak interesgarriak iruditu zaizkit. Baina gustatzearena ala ez gustatzearena, papera ondo edo gaizki idatzita egotearen araberakoa da. Lehen esan dudan bezala, gaiztoarena egitea atsegin dut, baina ez beti maltzurra izanaz. Beti aurpegi berbera jarri beharko banu, oso aspergarria litzateke. Niri publikoa zalantzan jartzea gustatzen zait.

Badakigu Tanttakarekin ibili zarela antzezten. Zer duzu nahiago, Goenkale ala antzerkia?

Antzerkian lan egitea, normalean, interesgarriagoa da aktore batentzat, lantzeko denbora gehiago daukazu eta. Alde txarrak ere baditu, egunero obra bera egin behar baita. A!! Eta, gainera, telebista antzerkia baino hobeto ordainduta dago. Eta hori oso garrantzitsua da.
Non jartzen zara urduriago, kameraren edo jendearen aurrean?

Hasi berri batentzat askoz ere errazagoa da telebistan ohitzea, 200 lagun aurrean lehen pausoa ematea baino, nahiz eta batzuei alderantziz iruditu.

Zaila al da Goenkalen Pabloren larruan aritzea?

Ez, ez. Ez zait zaila iruditu. Ni Ainhoa Aierberen —Leonor— laguna naiz, berarekin ikasi bainuen antzezten, eta eszena asko elkarrekin genituenez, oso gustura ibili naiz.

Sekuentzia bera askotan grabatu behar izaten al duzue?

Egin beharko litzateke, baina normalean, telesail gehienetan, ez dago dirurik eszena berriro errepikatzeko.

Zein teknika erabiltzen duzu gidoia buruz ikasteko?

Hori gutxienekoa da. Zailena jendaurrean jartzea eta pertsonaiari gertatu behar zaiona zuri gertatuko balitzaizu bezala egitea da.

Grabazio batetik besterako tartean zer egiten duzue?

Denboraren arabera, kafetxo bat hartu, bueltaxka bat eman… Egia esan, ordu gehiago pasatzen ditugu zain, grabatzen baino.


Antzezlanetan gaiztoarena egitea gustuko dut”

Gustatzen al zaizu grabatu aurretik makilatzearen kontu hori?

Hasieran oso arraroa da, baina azkenean gustua hartzen zaio. Adibidez, grabazioa goizeko 07.00etan badaukagu, erdi lo, masajetxo bat hartzeak ez dio inori kalterik egiten...

Jaiegunetan ere lagunengana horrela joaten al zara?

Bai zera! Ni oso desastrea naiz nire irudirako. Pentsa; batzuetan lagunek utzi behar izaten dizkidate alkandorak. Baina, nik uste dut gustatzen zaidala desastre izatea.

Kontatuko al diguzu grabazioetan gertatutako xelebrekeriaren bat?

Betikoak. Antzezpena hasteko ordu laurden falta zenean, arropa falta! Edo orain egiten ari garen antzezlanean, adibidez, obra hasi ahal izateko, argi bat erosi beharra... Eta erortzen ez denean! Baina, nire ustez, barregarriena testua ahaztea da, norbaitek erantzuna espero badu, behintzat. Egia esan, sekretua aurpegiaren espresioan dago.

Musika atsegin duzu. Musika tresnarik jotzen al duzu?

Tronboia jotzen nuen Errenteriako bandan. Hala ere, hori iraganeko kontua da. Orain abestu egiten dut; Juan Mari Beltranekin bigarren CDa aterako dut laster. Nahiago dut kantatu musika tresnaren bat jo baino.

Zer duzu nahiago, antzerkia ala musika?

Biak atsegin ditut, baina antzezteko esfortzu handiagoa egin behar dut. Abesten dudanean, eseri eta letra kantatu besterik ez dut egin behar. Antzerkiak ardura handiagoa eskatzen du.









Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****