euskaraz.net
Izar ederrena: Eguzkia

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 66 2004/02 »  Izar ederrena: Eguzkia

Ekologia
***

Eguzkiaren inguruan

Izarretan ederrena Eguzkia dugu, dudarik gabe, Lurraren biziarentzat ezinbestekoa. Kultura gehienak ohartu dira honetaz, hura jainkotzat hartuz: egiptoarrek Ra izena eman zioten, maiek Kinich Ahau, euskaldunek Eki…




Eguzkia

Eguzkia hidrogenoz eta helioz osatutako gas bola da, Lurra baino 1.300.000 aldiz handiagoa. Distira berotasunaren ondorio da; barnean, argia sortzen den tokian, 20 milioi graduko tenperatura dago. Honekin konparatuta, azala “hotza” da: 6.000 gradu eskas!

Hidrogeno leherketa nuklear batean gertatzen denaren antzekoa da Eguzkian energia sortzen duena. Mugatua baina etengabea den leherketa honek 400 milioi tona hidrogeno helio bihurtzen ditu segunduro; kontuan hartzen badugu Eguzkian helio baino lau aldiz hidrogeno gehiago dagoela une honetan, beste 5.000 edo 10.000 milioi urte gehiago iraungo duela kalkulatzen da, gutxi gorabehera, orain arte bizi izan den bezainbat.

Bitartean, Lurreko bizidun guztiek eguzkiaren beharra dute. Landareek handik heldutako argi-energia energia kimiko bihurtzen dute, animaliek landareak jaten dituzte eta gizakiek egiten duten nekazaritza landareen bitarteko eguzki uzta besterik ez da.
Zeruari so

Teleskopioen bidez ez dira astroak ikusten soilik, denboran barna bidaiatu ere egiten da. Segundu eskas batean, argiak 300.000 kilometro egiten ditu eta, abiadura handia izanik ere, eguzkitik guregana ailegatzea zortzi minutu kostatzen zaio. Beraz, ikusten dugun eguzkia ez da oraingoa, duela zortzi minutukoa baizik.

Eta hau guztia, eguzkia “hurbil” dagoelako. Eta benetan urrun dauden astroak? NGC 4414 galaxia 60 milioi argi-urtetara dago, esan nahi baita galaxiak sortzen duen argiari 60 milioi urte kostatzen zaiola guregana heltzea. Orain berean desagertuko balitz, hemendik 60 milioi urte pasa arte ez ginateke konturatuko. Beraz, astronomoek NGC 4414 galaxia begiratzen dutenean, duela 60 milioi urteko iragana ikusten dute.

Gero eta aurreratuagoak diren egungo teleskopioek milaka milioi urtez espazioan bidaiatutako argia bil dezakete. Hemendik gutxira astronomoek lehendabiziko izarren eta galaxien sorrera ikusteko aukera izango dutela pentsa liteke.


Xamar / Orekan liburua





Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****