euskaraz.net
Inkesta

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 67 2004/03 »  Inkesta

Iritzi-Miritziak

**

Gero eta denbora luzeago

eskolaz kanpoko ekintzetan



Eskolatik atera eta hor ikusten ditugu haurrak atzera eta aurrera, presaka batean, ogitartekoa eskuan hartuta, pianoa, karatea, esku-pilota, ingelesa, informatika ...ikastera. Egungo umeek ekintza ugari egiten dituzte. Garbi dago eskolaz kanpoko ekintzen aukera zabala dela, zabalegia agian. Ikasi, agian, ikasiko dute, baina, beraientzat ona al da ia jolasteko astirik gabe gelditzea? Udazkenak makina bat buruhauste ematen die gurasoei: ona da? Zenbat? Zein ordutegi jarriko diete? Nor arduratuko da haurrekin? Gehiegi estutzen al ditugu etorkizunerako prestatzearen aitzakiarekin?

Haurrentzat ona al da hainbeste denbora

eskolaz kanpoko ekintzetan pasatzea?



Elisabet Aldacoa
DBH 6.maila
Ane Alonso
DBH 6.maila
Nire iritziz, haurrek ikastolatik kanpora dituzten ekintzek ikasketetan eragina dute. Zenbait haurrek ikasketak baztertu eta ekintzetan pentsatzen dute lehenik. Beste batzuek ikasketei denbora luze eskaini behar diete, eta gauean oso berandu arte etxeko lanak egiten gelditzen dira. Eskolaz kanpoko ekintzei denbora eta interes gehiegi eskaintzen diete. Musika, baleta, ingelesa, dantza… Zerbait egitea umeentzat ez da txarra, baina asko egiteak eta denbora gehiena horri eskaintzeak eskolan arazoak ekar ditzake. Noizean behin ondo etorriko litzaiguke aisialdia geure buruak lasaitzeko eta lagunekin jolasteko.


Leire Ginto
DBH 6.maila
Ainhoa Garmendia
DBH 6.maila
Gero eta denbora gehiago pasatzen dugu eskolaz kanpoko ekintzetan eta, nire ustez, hori ez da ona guretzat. Egia da zertxobait gehiago ikasten dugula, baina horrek denbora kentzen digu. Abesbatza, judoa… izateak aztoratu egiten gaitu, kontrolak iristen direnean, batik bat, eta gure emaitzetan nabari da normalean. Kanpoko ekintzak ez dira guztiz txarrak, baina gutxienez egunen bat eduki beharko genuke atseden hartzeko. Musika edo kirola egitea osasungarria da eta geure autonomia lortzeko ondo dago. Entretenigarriak ere badira. Ingelesa ikastea edo beste hizkuntzak ikastea ere ondo dago, baina hori nagusiagoak garenean egiteko egokiago ikusten dut


Elene Gomez
DBH 6.maila
Ainhoa Oruna
DBH 6.maila
Ondo dago haurrek eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartzea, baina alde txarrak ere ikusten dizkiot. Ia egunero joaten dira kanpoko ekintzetara eta ez dute lasai egoteko tarterik. Haurrok denbora libre gehiago eduki beharko genuke, bai lasaitzeko, bai eskolarekin lotuta ez dauden beste ekintza batzuk egiteko. Esate baterako, gurasoekin batera gauzak egin, anaia-arrebei lagundu... Nire ustez, baditu alde onak eta txarrak. Umeek gehiago ikasten dute bai musikan, bai ingelesean… Baina gerta liteke, irakaslearekin lan egin behar denean, lanik ez egitea, aurretik hori eskolaz kanpoko klaseetan landu dutelako. Batzuetan etxeko lanak egiten ere berandu arte geratu behar izaten dute eta hurrengo goizean logurez egoten dira.


Xabier Perez
DBH 6.maila
Ion Ander Urdalleta
DBH 6.maila
Alde onak eta txarrak ditu. Alde onak: ikastolako arazoak ahazteko aukera, lagunak egiteko eta ondo pasatzeko. Alde txarrak: etxeko lanak ez egitea, berandu oheratzea… Guretzat heziketa da gauzarik garrantzitsuena eta aprobetxatu behar dugu ahalik eta etekin handiena atereaz. Orain ikastola amaitu eta unibertsitatera joateko aukera dugu. Ez dezagun gal! Ikasketekin ondo moldatzen bazara eta etxeko lanak egiteko beta baduzu, inongo arazorik gabe apunta zaitezke eskolaz kanpoko ekintzetan: futbola, esku-pilota, xakea, klase partikularrak… Garbi dago ikasle bakoitzaren gaitasunak kontuan hartu behar ditugula eta horren arabera denbora antolatu gure eskolaz kanpoko ekintzetarako.




Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****