|
**
“Animaliak gustatzen bazaizkizu,
usoak izatea zaletasun polita eta hunkigarria da"
|
Amassorrain Ikastola aldean, sarritan ikusi izan ditugu uso taldeak hegan batera eta bestera etxe baten inguruan. Usoak Fernando
|
Garmendiarenak dira. Fernando uso zale amorratua da. 5. mailako ikasle talde bat usategian izan gara eta berarekin hitz egin dugu.
|
|
Noiz hasi zineten uso mezulariak hezten? Nola bururatu zitzaizuen?
Etxean usoak betidanik izan ditugu, baina uso mezulariekin duela sei urte hasi ginen. Federatu, lehiaketetan parte hartu, usoei eraztuna jarri…
Nondik ekarri zenituen lehen usoak?
Hondarribiatik ekarri nituen, eta lau uso ziren. Geroztik, Herbeheretatik hamabost ekarri ditut.
Nola hezten dira uso mezulariak?
Uso mezulariak ez dira hezten; misterioa da nola itzultzen diren etxera bakarrik.
Zer janari ematen diezu?
Dilistak, arroza, alpistea eta artoa. Lehiaketa baino lau egun lehenago nahi adina arto ematen diet indartsu egon daitezen. Lehiaketa amaitutakoan pisuaren erdia baino gehiago galdua izaten dute.
Zenbat uso duzu?
Bostehun bat ditut, hainbat koloretakoak, baina arraza berekoak.
Zenbat urtetan bizi daitezke usoak?
Hamabost urtetan bizi daitezke eta 7 urte dituzten arte daude sasoirik onenean. Lehenengo urtean 200 kilome- troko frogak egiten dituzte; lau urterekin, 1.000 kilometrokoak. Eta, hortik aurrera, oso onak izan badira, umeak izateko uzten ditut.
Uso guztiak ezagutzen al dituzu? Izenik jartzen al diezu?
Bai, denak ezagutzen ditut, nahiz eta hori esateak lotsa ematen didan, jendeak aurpegi arraroa jartzen du-eta.
|
Nora eramaten dituzte mezuak?
Gaur egun ez dira mezuak batetik bestera eramateko erabiltzen, lehiatzeko eta arraza hobetzeko baizik.
Bidean galtzen al dira? Zer gertatzen da orduan?
Bai, batzuk galdu egiten dira. Gehienbat eguraldi txarra egiten duenean: kazkabarra, lainoa, haizea… Uso guztiek hanketan eraztun bana daukate. Eraztun batean, jabearen telefono zenbakia ageri da eta bestean, zein urtetan jaioa den eta nongoa den. Usoa aurkitzen duenak deitu egiten dit eta galdutakoa oso uso ona bada, bidali egiten didate. Galdutako usoa tuntuna bada, berriz, oparitu egiten dut.
Zein da zure usoek egindako bidaiarik luzeena?
Lille-tik (Belgikako mugan) etxeraino, Añorga Txikiraino. Frantzia osoa zeharkatuz 1.000 km. egiten dituzte.
Saltzen al dituzu usoak?
Gehienetan oparitu egiten ditut, baina etorri izan zaizkit erosleak Bilbotik, Madriletik… Hori bai, usakume horiek uso onenen kumeak izaten dira.
Zenbat denbora pasatzen duzu egunean usoak zaintzen?
Behar baino gutxiago: ordu eta erdi egunero.
Zerbait gehitu nahi duzu gai honi buruz?
Animaliak gustatzen zaizkionarentzat oso zaletasun polita eta hunkigarria da. Zirraragarria da ilunabarrean usoak, Frantzia osoa zeharkatu ondoren, etxera nola iristen diren ikustea.
|
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****
|