|
***
Pinu beldarra,
udaberrian gure pinudietan
|
Pinu beldarra edo prozesionariaren izen zientifikoa Thaumetopea pityocampa da. Gure pinu basoetatik at, beldar espezie
|
hau leku ugaritan topa dezakegu, besteak beste Hungarian, Egipton, Palestinan, Libian, Israelen, Alemanian, Marokon…
|
Beldarrek elikagai ugari behar
izaten dutenez, pinuen azikula guztiak jan ditzakete, landarea bera ere arrisku bizian jarriz.
Pinu zein zedroen erasotzaile amorratua dugu beldar hau. Behekaldeko eskuineko argazkian ikus daitekeen bezala, pinua guztiz soil dezake aberetxo honek. Pinu jabeen buruhauste bilakatu da intsektu hau eta berarekin akabatzeko erak asmatu dituzte: ‘poltsak’ dituzten adarrak moztu eta guztiak erre, feromona tranpak erabili arrak gutxitzeko… Biderik erabiliena tratamendu kimiko masiboa da, nahiz eta hauekin beste hainbat bizidun ere deuseztatu.
Eme helduek pinuen hostoetan arrautzak jartzen dituzte. Errunaldi bakoitzean, 120-300 arrautza inguru jartzen dituzte. Jaio bezain laster, bertan elikatzen dira eta horregatik soiltzen da pinua.
Bost larba fase izaten dituzte. Lehena, jaio eta 8-12 egunetara ematen da. Bigarrenak, 12-18 egun irauten ditu. Hirugarren faseak, 30 egun ditu eta hemen egiten dituzte neguko habiak, hain ezagunak zaizkigun ‘poltsa txuriak’. Poltsa hauen barruan egoten dira beldar koloniak eta hemendik ez dira irteten kanpoko giroa beraientzat egokia izan bitartean. Elikatzera soilik gauetan eta giroa egokia bada irteten dira. Adituek diotenez, poltsa hauen barruan kanpoan baino bizpahiru gradu gehiago izaten omen dira. Fase honetan, beldarrak guk ezagutzen
|
dugun itxura hartzen du. Fase honetan ere eratzen ditu azkon erresumingarri arriskutsuak.
Beldarra lasai dagoenean, azkon erresumingarriak gailu baten barnean mantentzen ditu, baina bere burua arriskuan sentitzen badu, jaurti egiten ditu eta gezi bat bezala itsasten dira. Ondorioz, “etsaiak” pozoin mingarriaren ondorioak jasan behar ditu. Gomendio bat guztiontzat: kontu handia izan eta utzi bakean bakean dagoena.
Manuel Agirresarobek, Irungo bere tximeleten erakustaldi egoitzara eginiko bisitaldian kontatu zigun, Erreteriko mendi batetan ehiza zakur bati gertatutakoa. Guztiok dakigu zakurrek, nekearen eraginez, mihia ahotik kanpo eramaten dutela. Horrelako batetan zakurrak mihian jasan zituen pinu beldarren azkon erresumingarriak. Horregatik mihia handituz joan zitzaion, eta arnasa hartu ezinik ito omen zen.
Pinu beldarra kolonietan bizi denez, azken faseetan, elikagai behar izugarria izaten du eta pinuen azikula guztiak jan ditzake eta “prozesioan” (hemendik datorkio prozesionaria izena) abiatu beste pinu batetaraino, elikagai bila.
Helduak izatera heltzen direnean, emea buru dutela, lurperatu egingo dira krisalidak eratzeko. Metamorfosia eman ondoren tximeleta jaioko da.
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****
|