euskaraz.net
Greenpeace-k 20 urte

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 68 2004/05 »  Greenpeace-k 20 urte

Ekologia

***

Greenpeacek 20 urte

20 urte hauetan, naturaren aurkako ekintza ugari salatu ditu taldeak





Greenpeace talde ekologista ezagunak 20 urte bete ditu estatuan. Gaztea izan arren, oso ezaguna da. Izan ere, askotan ikusi ditugu telebistan itsasontzi erraldoien aurrean, tximini altuetatik zintzilik edota manifestazioetan protestaka. 20 urte hauetan naturaren aurkako ekintza asko salatu dituzte.
Hala nola: hondakin nuklearrak itsasora botatzea, hainbat enpresatako isurketa toxikoak, zentral termikoen kutsadura, PVCaren erabilera, Prestigek sortutako zikinkeria...

Zorionak, beraz, eta jarrai dezatela lan bera egiten. Ea horrela natura zaintzen ez dutenek beraien jarrera aldatzen duten.



Ingurumen trena

Gizakiok, egunero, futbol zelai baten tamainako basoa suntsitzen dugu

Donostiara Aste Santuan ingurumenari buruzko trena etorri zen. Diotenez, tren hau egunean 3.000 eta 4.000 pertsonek bisitatu dute. Donostian apirilaren 14an egon zen, goizez, 10:00tatik 13:00etara, eta arratsaldez, 16:00etatik 19:30era. Trena Donostiako Renferen geltoki nagusian egon zen, 5. nasan. Trenak 11 bagoi zeuzkan, eta horietatik 6 erabili ziren erakusketa egiteko.

Guk aukera izan genuen trena bisitatzeko eta ondoko lerroetan bildu dugu aipagarriena iruditu zitzaiguna.

Lehenengo bagoian garraio bide ekologiko bat aurkeztu ziguten, Japoniatik ekarria. Auto berezi bat zen, bi motore zeuzkan, bat elektrikoa eta bestea gasolinazkoa, eta motoreak automatikoki
txandatzen ziren, martxa eten gabe.

Bigarren bagoian baso bat zegoen eta adierazpen gogorrak entzun genituen: gizakiok, egunero, futbol zelai baten tamainako basoa suntsitzen dugu. Ikaragarria benetan!

Hirugarren bagoian jendea eguzkiaren nukleoaren maketa batean sar zitekeen. Laugarren bagoian itsasoko arrainei buruz hitz egin ziguten eta hemen ere naturan gertatzen ari diren kontutxo tristeak esan zizkiguten: arrainen %20a desagertzeko zorian dago.

Trena ikusteko aukera pasatu zen, eta ikusi ez zuenak ikusi gabe geratu behar, baina gutxienez hemen kontatu dizuegu guk ikusi genuena.


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****