euskaraz.net
Inkesta: udako oporrak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 69 2004/06 »  Inkesta: udako oporrak



Iritzi-Miritziak

**

Udako oporrak iristear

Denbora luzean itxaron ditugun hilabete zoragarriak iristear ditugu; oporrak. Benetan, laburrak izaten diren hilabete hauek desio handiz hartzen ditugu, egindako ahaleginaren eta lanaren ondorioz, etenaldi luzea egiteko gogoa baitugu. Tarte honetan, gauza ugari pasatzen zaigu burutik: lagunak topatzea, oporretara kanpora joatea, hondartzara eta igerilekura joatea, udalekuak bisitatzea… Baina, behar adinako lanik egin ez badugu, irakasleek lantxoak ematen dizkigute errepasoa egiteko eta irakurketa lantzeko. Aldi berean, gurasoek ere badute zeresana seme-alaben oporraldia antolatzen, beraiena baino luzeagoa baita eta hainbatetan denbora antolatzea zaila suertatzen baitzaie. Nahiko buruhauste badute denen gogoko ekintza entretenigarriak antolatzeko! Ea zer esaten diguten gure lagunek…


Zer alde on eta txar dituzte

udako oporrek?

Ińigo Beldarrain
DBH 6.maila

Nire ustez, udako oporrak behar-beharrezkoak dira. Hamar hilabetetan ikastolan lan egin eta gero, atsedenaldia behar dugu. Alde onak baditu: jolasean ibil gaitezke eta atseden har dezakegu, lagunekin tarte luzeagoan egon gaitezke, familiarekin oporretara eta udalekuetara joan gaitezke… Oporretan ondo pasatuko ahal dugu!

Saioa Aliri
DBH 6.maila

Atsedenaldia egiteko eta ikasketetatik urruntzeko egokiak dira. Alde ona lagunekin denbora luzeagoan izateko aukera eta egun libreak dira. Alde txarrak ere baditu: alfertu egiten gara eta ikasturte berriaren sarrera oso gogorra egiten zaigu, eta batzuetan oporrak luzeegiak iruditzen zaizkigu, nahiz eta laburrak direla esan.


Idoia Lopetegi
DBH 6.maila

Oporrak hartzen ditugunean asko pozten gara. Izan ere, ikastola begi aurretik kentzen dugu eta beste era bateko momentuak pasatzen ditugu: eguzkia hartu, lagunekin gelditu… Baina, batzuetan, beste eginkizun batzuk ere izaten ditugu, eskolan behar adina lan egin ez badugu ikasturtean: atzeratutako edukiak berrikusi eta indartu.

Andoni Mendialdua
DBH 6.maila

Oporrak iristear daudenez, ikasturtea bukatuta dagoela pentsatzen dugu eta ez dugu azken sprint-a egiten; neurri batean lasaitu egiten gara. Oporrek alde on ugari dute. Adibidez, ordu asko libre duzu edozertarako, ez baituzu ordutegi zehatzik bete behar izaten, eta jolas eta kirol gehiago egiten duzu. Alde txarra: lagunak gutxi ikusten ditugu.


MaitaneAndueza
DBH 6.maila

Sei aste falta zaizkigu udako oporrak hartzeko. Nire ustez, behar-beharrezkoak ditugu, atseden hartzeko, ikasketak ahazteko eta ondo pasatzeko. Alde on asko du: berandu oheratzea eta jaikitzea, bizilagunekin jolastea, udalekuetara joatea… Baina, alde txarrak ere bai: beroa, gelako lagunak ikusi ezina, eguzkitako kremapean hondartzan egotea...

Ion Ander Munduate
DBH 6.maila

Beharrezkoak ditugu; bestela, noiz hartu behar dugu atseden hainbeste klase eta kanpoko ekintza izan ondoren? Alde ona beste herrialde batzuetara bidaiatzeko aukera da: Portugal, Grezia, Ingalaterra.... Okerrena da abuztu bukaera aldera eskolara itzuli nahi dugula, lagunekin topo egiteko eta geure gorabeherak elkarri kontatzeko.


Ion Mendizabal
DBH 6.maila

Oporrak iristear direnez, bai irakasleengan bai ikasleengan asko nabaritzen da. Irakasleek behin eta berriro diote azken txanpa hau oso garrantzitsua dela, baina, guk ia-ia oporrak hartu ditugunez zertxobait aztoratuago gaude. Guk udara beharrezkoa dugu jolasteko eta lasai egoteko. Gainera, ez dugu kolpe zorrik jotzen. Oporren alde txarra? Bukatu egiten direla.

Nerea Beriain
DBH 6.maila

Noski, beharrezkoak ditugu. Urte osoan ahalegina egin ondoren, atsedenaldia behar dugula uste dut. Gainera, udako oporretan eguraldi ona egiten duenez, hondartzara eta igerilekura joan gaitezke. Pena izugarria da ikastolako lagunak ez ikustea, baina, elkarrekin egoteko, udalekuetan izena eman dezakegu.