euskaraz.net
Auto lasterketak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 69 2004/06 »  Auto lasterketak

Donostia auzoka

***



Euskal Herrian, beste hainbat herrialdetan bezala, jendeak oso gustuko ditu abiadurarekin zerikusia duten kirolak. Gure errepideetan zale asko elkartu ohi da pilotu hasi berriak —eta ez hain berriak— ikusteko asmoz. Guk Andoni Aierbe Renault Clio Williams R taldeko 12. klaseko partaidea elkarrizketatu dugu.




Lasterketa bezperan zerbait berezirik egin behar al da?

Lasterketa baino egun batzuk lehenago, autoa prest izan behar da eta azken orduan, oraindik, beti izaten da zerbait lekutik kanpora. Lehenengo lasterketarako, urduritasunak ezinbesteko zerbait ahaztera eramaten zaitu: baimena ez bada kaskoa, kaskoa ez bada botak eta botak ez badira gasolina.

Zer egin behar da lasterketa lekura iritsitakoan?

Lasterketa lekura iritsitakoan, aparkaleku itxian sartu beharra dago autoa. Eta bertan, “adituek” autoa lasterketarako prest dagoen ikusten dute. Dena ondo dagoela egiaztatu eta gero, pegatinatxoa jartzen dizute. Zerbait gaizki badago, zain egon behar da, ea hurrengo lasterketarako konpondu eta ateratzen uzten duten. Bestela, 150 euro ordaindu ondoren, lagunak nola ateratzen diren begira egon beharko duzu.

Urduri jartzen al zara lasterketa hasi aurretik?

Ateratzeko ordua iristen denean, sabelean nabaritzen diren kilimak
areagotuz joaten dira eta aurreko autoa ateratzen ikusten duzunean, bihotz taupadak biderkatu egiten dira, izerditan hasten zara...

Iritsi da hainbeste itxaron dugun ordua; kaskoa ondo lotu, leihoa pixka bat itxi eta argi berdea ikusitakoan atera. Hasierako urduritasuna joan egiten da, bihotza pixka bat lasaitu egiten da, baina beste urduritasun batzuk etortzen dira: hartutako notak ondo esan, istripurik ez izatea... Dena ondo joanez gero, helmugara iristen zara. Egindako denboraren orria ematen dizute; batzuk gustura, eta besteak ez horrenbeste.

Zer gertatzen da lasterketan zehar eta ondoren?

Ateratako guztiak ez dira helmugara iristen; batzuei autoa apurtzen zaie eta beste batzuek istripuak izaten dituzte.

Ondo bukatu dutenak hurrengo lasterketan pentsatzen jartzen dira, eta zerbait izandakoek lehenbailehen konpondu beharra izaten dute.

Eguna bukatutakoan, zenbait buru makur eta beste zenbait pozik, egindakoa ospatzera joaten dira. Eta horrela, nerbioz betetako eguna bukatu egiten da.