|
* *
“Ez naiz inongoa sentitzen,
baina beti Donostiara itzultzen naiz”
|
Teresa Wahl Ameriketako Estatu Batuetan jaio zen, eta aita hangoa du. Ama, ordea, donostiarra da. Hainbat lekutan bizi ondoren, gaur egun gure artean dago.
|
Zein herrialdetan bizi izan zinen hona etorri aurretik?
Alemaniako zenbait herritan, eta Estatu Batuetako zenbait hiritan.
Zergatik bizi izan zarete hainbeste lekutan?
Gure aita Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) militarra zen, eta asko bidaiatu behar izaten zuen. Gu berarekin joaten ginen.
Ezagutu dituzun lekuetatik zein duzu gustukoen?
Leku guztiek dute bere alde ona eta alde txarra. Baina, Alemanian zoriontsuago nintzen, han eta Donostian igaro nuelako nire haurtzaroa.
Zein alde dago egon zaren lekuen eta gure hiriaren artean?
Alemanian jendea oso arduratsua eta garbia da. Amerikan askatasun gehiago dago. Tira, hemen jendea ez da hain irekia.
Amerikan, nolako ohitura daude janariarekiko?
Ameriketan, jendeak lan asko egiten duenez, aurrez prestaturiko janaria erosten du. Poltsa askotan, janaria koiperik gabea edo dietetikoa dela jartzen du, nahiz eta gezurra izan.
Gosarian, gauza koipetsu asko jaten dituzte. Eguerdi aldera, berriz, sandwich bat. Nire lankideak hemengoak ziren, eta norbait hona etorri behar zenean, patatak eta kola kao-a eramateko esaten genion. Orduan, norbaiten etxean gelditzen ginen katilukada bete kola kao edateko. Patata erreak. Lanean jaten genituen. Gauean, pelikuletan agertzen den bezala, entsalada jaten da haragi pixka batekin lagunduta.
Noiztik bizi zara hemen?
Esan daiteke nire bizitzaren erdia hemen igaro dudala, baina segidan, gutxi gorabehera, bederatzi urte daramatzat.
Bakarrik etorri al zinen hona? Familiarik ba al duzu hemen?
Bai, bakarrik etorri nintzen. Hemen, nire amaren familia guztia dut.
Zaila egin al zaizu egokitzea? Eta hizkuntza?
Hona etortzea ez zen arazo handia izan, sei hilabete besterik ez nituelako. Txikia nintzenez arazorik gabe egokitu nintzen. Arazoa, 10 urte nituenean Ameriketara joatea izan zen. Han jaioa izan arren, ez nintzelako amerikarra sentitzen.
Hizkuntza ikastea ez zitzaidan batere zaila egin, ingelesa eta gaztelania batera ikasi nituelako.
Hemen egin behar zenituen gauzak amaitutakoan, nolatan gelditu zinen?
Amona hil zenean, hemen gelditu nintzen,
|
hau zelako neure benetako etxea. Eta hemen nuelako familia gehiena, haurtzaroko lagunak...
Non egin zenituen ikasketak? Eta zer ikasi zenuen?
Estatu Batuetan, institutura eta unibertsitatera joan nintzen, Denver-en (Coloradon). Bertan, ostalaritzan, turismoan eta kongresuen plangintzan lizentziatu nintzen. Gero ere, gaztelania eta ingeles irakasle izateko ziurtagiria atera nuen.
Zure ikasketekin zerikusia duen lanen bat egiten ari al zara?
Bai, ostalaritzan lan egin nuen, lau izarretako hotel batean. Postu baxuenean hasi, eta hango zuzendaria izatera iritsi nintzen. Baina, egunean zehar, 18-20 ordu lan egin behar nituen, beraz, urte batzuk igarotakoan, utzi egin nuen. Orain, hasiberrientzako alemaniera eta ingelesa irakasten ditut.
Hainbeste lekuetan egon ondoren, hizkuntza asko jakingo dituzu, ezta?
Beno, nik esango nuke, ondo-ondo, ingelesa eta gaztelania dakizkidala, alemaniera oso utzita baitaukat. Hizkuntza hauek ez ezik, hebreo-a urte eta erdiz ikasten aritu nintzen. Gero frantsesarekin hasi nintzen.
Galdu egiten al da hizkuntza egunero hitz egiten ez bada?
Noski baietz. 20 urte dira alemaniera ez dudala hitz egiten, ez dudalako inorekin hitz egiterik, eta ondorioz, elkarrizketa bat mantentzea ezinekoa iruditzen zait.
Ingelesaren kasuan ere, Amerikan izan ezik inoiz ez dudanez erabiltzen, bertako pertsona batekin elkarrizketa bat izaterakoan munduko pertsonarik leloena sentitzen naiz, hitz batzuk falta zaizkidalako. Pertsona horrek gaztelaniaz baldin badaki, orduan, ez dut arazorik, behar dudanean, gaztelaniazko hitz bat tartekatzen dut eta.
Han igarotako denboran, lanen bat egin al zenuen?
Bai, gaztelania irakasten aritu nintzen.
Non nahiago duzu bizi?
Donostian. Baina, onena, sei hilabete hemen eta sei hilabete Estatu Batuetan bizitzea izango litzateke.
Orduan, nongoa sentitzen zara?
Ni ez naiz inongoa sentitzen. Baina beti Donostiara itzultzen naiz.
Etorkizunari begira zer egiteko asmoa duzu? Hemen geldituko zara edo alde egingo duzu?
Orainean bizi naiz, beraz, ez daukat etorkizunerako planik. Nire lanean aldaketak izanez gero, baliteke hemen geratzea, baina bestela, aurrerago, Estatu Batuetara itzuliko naiz, han lan asko baitago.
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****
|