euskaraz.net
Maiatzeko plaza

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 71 2004/12 »  Maiatzeko plaza

Erreportajea

* * *

Argentinako Maiatzeko Plazako Amak



Ikastolarako liburu bat irakurri behar genuen, eta hiru lagunen artean “Anaren historia” liburua aukeratu genuen. Liburu honek neska argentinar bati gertaturiko historia azaltzen du. Bere herriko diktadura militarrak sortutako egoeraren kontra dago, eta horrek borrokatzera darama Ana. Beste pertsona asko bezala, atxilotu eta torturatu egingo dute. Liburu hau irakurri ondoren, interesa piztu zitzaigun eta informazio gehiago bilatu dugu gaiari buruz.




Informazio hau aurkitzean, konturatu ginen Argentinako egoera oso larria zela. 1974. urte aldera, Argentinan pertsonak desagertzen hasi ziren, eta desagertu horien amek biltzea erabaki zuten, seme-alaben alde borrokatzeko. Lehen mobilizazioa 1974ko apirilaren 30ean egin zuten, eta geroztik, astean behin elkartzen dira beren aldarrikapenen alde borrokatzeko. 1979ko maiatzaren 14an, Maiatzeko Plazako Amen Elkartea (Madres de la Plaza de Mayo) elkartea finko bihurtu zen. Ama hauek arazo politiko izugarriak izan zituzten: poliziak behin eta berriro haien kontra egin zuen, eta jipoi bat baino gehiago jaso zuten. Hasieran, jendeak terrorista deitzen zien, atxilotuen amak zirelako.

Gaur egun, astean behin, ostegunetan, Maitzeko Plazan elkartzen dira, desagertutako senideak itzultzeko eskatuz. Desagertu batzuk agertu dira, baina beste asko oraindik ez, eta horien artean, atxilotuen umeak daude, hauek ere desagertarazi baitzituzten.



Maiatzeko Plazako Amen historia

1976ko martxoaren 24an, Peronen alargun Maria Estela Martínez, Isabelita izenez ezaguna, presidentea zen. Dena den, kolpe militar batek kargutik bota zuen. Isabel Peronek 1974ko uztailaren 1ean bere gain hartu zuen lehendakaritza, senarra hil zenean -ordura arte lehendakariorde izan zen-. Denbora gutxi egon zen agintaritzan: ustela eta baliogabekoa izan zen, eta horren ondorioz “Hiru A” (Alianza Anticomunista Argentina) deituriko taldeak hilketa ugari egin zituen. 1976ko martxoaren 24an, militar kolpistek boterea hartu zutenean, ‘ordena’ jartzera zetozela adierazi zuten, baina horren ordez, ikara eta heriotza nagusitu ziren.



Berehala, Estatuak “sorgin ehiza” hasi zuen. Garai hartan “lan taldeak” deiturikoek milaka pertsona hil zituzten, eta ehundaka bahitu. Leku ezkutuetara eraman zituzten, bortizki torturatu zituzten eta gehienak hil egin zituzten.
Krudeltasun ikaragarria irakutsita, beste asko “desagertarazi” zituzten. Hauek atxilotu, norabaitera eraman, eta familiek ez zuten beraien berri gehiagorik izaten.

Militarrek ukatu egin zuten bahituak bazirenik ere, baina une batean, ezinezkoa gertatu zitzaien hori ukatzea. Gainera, “desagertuak” hitza ez zen inongo aldizkari edota egunkarietan azaltzen, garai hartan zentsura itzela zelako. 100 kazetari baino gehiago hil zituzten. Kontuak atera hortik.

Argentinar askok herrialdetik ihes egin zuten, horietako asko izugarri ospetsuak ziren. Baina beraien lanak utzi behar izan zituzten, bizitza salbatu ahal izateko.



Beldurrezko egoera honetan sortu zen Maiatzeko Plazako Amen elkartea. Hasieran talde txikia izan zen, seme-alabekiko maitasunak eraginda, boterearen aurka altxatakoak. Boterearen astakeriak salatzen zituzten. Ama talde honek izua gainditu zuen.

Elkartea sortu ondoren, antolatzen hasi ziren. Bazekiten banaka ezer gutxi lortuko zutela, baina taldean arituz gero, indarra izan zezaketela. Horren ondorioz, Maiatzeko Plazan elkartzea erabaki zuten, ama asko bilduz gero, Videlak (militar kolpisten burua) kasu egin beharko ziela pentsatuz.



Apirilaren 30ean 14 ama azaldu ziren plazan. Irudikatzekoa da beraien kemena eta adorea, egoera izugarri hartan. Baina denbora pasatu ahala, gero eta ama gehiago biltzen joan ziren. Gainera, hainbat sinbolo erabiltzea erabaki zuten, adibidez, buruko zapi zuria. Ez zuten sekulan biolentzia erabili. Hala ere, hainbatetan gobernuaren makilakadak jaso zituzten.

Urte luzez bildu eta gero, 1980an elkarte bat osatu zuten, eta gaurdaino, munduari gertatutako injustizia erakutsi diote. Amnesty Internationalek behin eta berriz gonbidatu batzarretara.10

Gaur egun ama horiek, oroimena ez dela galdu behar aldarrikatzen dute behin eta berriro, asko baitira ahaztu nahi dutenak.



Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****