Asko dira hirian bizitzera ohitu diren animaliak. Hirietako fauna dira. Janaria erraz aurkitzen dutelako hiritartu dira gehienak
Sekula ez dago jakiterik nolakoa den aske bizi den animalien osasun-egoera, eta hori egoera arriskutsutzat hartzen dute hiritarrek. Begi bistakoak izaten dira gehienak: horma eta eskultura zikinak, argiteria-kable karraskatuak, kalteak hodietan eta teilatuetan... Osasunarekin zerikusia duten arazoak ere izaten dira tarteko.
Kontrol hitza aipatzen dute garbiketa, desinfekzio eta abarretan diharduten adituek. Baina bakoitzari dagokion izena eman behar zaio, eta kasu honetan, hitzaren esanahia kontrolatzetik haratagokoa da, helburua populazioa mugatzea baita.
Izurriteak
Hiri edo herri batean uso, arratoi, txakur edo katu —horiek izaten baitira arruntenak— gehiegi dagoela entzuten denean, izurrite hitza entzuten denean, eta jendea udalak zerbait egin beharko lukeela esaten duenean hasten dira benetako arazoak hirietako animalientzat. Izan ere, hirietako fauna aipatzean, ikuspegi zientifiko edo objektibo batetik zaila da adieraztea izurritea dagoela, izurritea biztanleek egindako deiek markatzen dute. Zenbakiak egon badaude, baina, adituen arabera, ia ezinezkoa da hirietako faunaren errolda fidagarria egitea. Pertsona bakoitzeko hamar arratoi daudela esan ohi da;
|
Europa hegoaldeko hiri handietan kilometro karratuko 1.500 uso inguru egon daitezkeela, baina kopuru horiek asko alda daitezke. Janaria gutxitzen edo areagotzen bada, urtaroa ez bada egokiena, gaixotasunen batek populazioari eragiten badio... gorabehera handiak izaten dira.
Kontrol-sistemak
Harrapatutako usoak, adibidez, hil egiten dituzte gehienetan. Normalean, gasa erabilita hiltzen dituzte, baina, batzuetan, beste herri batzuetara edo usategietara ere bidaltzen dituzte. Zakurrak eta katuak zakurtegietara eramaten dituzte, eta, han denbora batez eduki ondoren, inork hartzen ez baditu, hil egiten dituzte. Arratoien kasuan, berriz, helburua populazioa kontrolatzea izaten da, ez dadila populazioa ikaragarri hazi. Horretarako, odola ez gatzatzeko pozoiak erabiltzen dira, barneko odoljarioak eraginda pozoia jan duten arratoiak odolustuta hil daitezen. Noizean behin aldatu egiten da pozoi-mota, arratoiek ez dezaten horren kontra erresistentziarik garatu.
|