euskaraz.net
Ikasleak idazle: Nire bihotzaren taupada leuna

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 71 2004/12 »  Ikasleak idazle: Nire bihotzaren taupada leuna



Ikasleak idazle

* * *

Nire bihotzaren taupada leuna



Nire munduko eguzki distiratsua:

Egunak gero eta luzeagoak zaizkit zu gabe. Ilargi betea hamaika aldiz ikusi dut, baina hura baino ederragoa den nire maitearen aurpegia oraindik ez dut ikusi. Esaidazu, mesedez, noiz ikusiko dut berriro eguzkiaren argia? Noiz jakingo dut zer den arnastea? Noiz sentituko dut nire bihotzaren taupada leuna?

Zu zara nire itsasoa, eta ni errekan dabilen eta ur handira heldu nahi duen arrain txikia naiz. Ez dut inoiz etsiko, harik eta errekan gora egiteko zuk esaten didazun arte.

Leku beroago baten bila, zure bihotzaren bila doan enara naiz.
Heldu arte ez dut etsiko, harik eta itzultzeko eta neguan hotzez hiltzeko esaten didazun arte.

Zu gabe nire barruan dagoen lorea zimeltzen ari da, eta laster petalo bakar bat gabe geldituko da. Zuk, tximeleta, etorri behar duzu, eta horrela loreak lore-begi berriak izango ditu , datorren udaberrian loratzeko.

Itsasoan zehar, noraezean dabilen txalupatxoa naiz. Horregatik, eskutitz hau idatzi eta botila honen barruan bidaltzen dizut, noizbait jasoko duzun itxaropenez. Itxaropen, hori da bizitzeko dudan arrazoi bakarra. Noizbait ulertuko nauzulakoan, zugatik edozer egingo duen norbait:

Ane



Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****