euskaraz.net
Etxeko atezainak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 72 2005/01 »  Etxeko atezainak



* *

Desagertzeko zorian dagoen ogibidea

Katalin Erausoko 5. mailako ikasleak

Gaur egun tresneria geroz eta sofistikatuagoa da. Hori dela eta, hainbat lanbide zaharkituta geratu dira. Garai batean pertsonek egiten zituzten hainbat lan, makinek egiten dituzte gaur egun.

Garai bateko ogibide asko erakusketetan soilik ikus daitezke; artisautza, adibidez. Beste batzuk, berriz, erabat desagertu dira, tximiniak garbitzen aritzen ziren kedar-sorbitzaileak, esaterako. Hala ere, lanbide batzuk desagertzear egon arren, batzuk bizirik diraute, eta hauen artean: etxebizitzetako atezainak.

Aspaldian, Donostia aldean etxe askok zuten etxeko-atezaina. Baina, urteak pasatu ahala, eta batez ere atezain automatikoak jartzen hasi zirenetik, atezainen ogibidea desagertzeko zorian dago. Gaur egun, oraindik, gure eskolaren inguruan lan egiten duten bi atezainekin, Joaquín eta Txemarekin, izan gara. Honako galdeketa egin diegu, lan horri buruz informazioa lortzeko asmotan:



Etxebizitzetako atezain izatea gogorra al da?

Bai, nahiko gogorra da. Izan ere, gure lanak bi alde garrantzitsu ditu: alde batetik, berez dagokigun eginkizuna ondo egitea, eta bestetik, bizilagunekin harreman ona izaten saiatzea

Lan egiten duzuen etxebizitzan bertan bizi zarete?

Bai. Betidanik, etxe guztietan, bizilagun-elkarteak etxebizitza bat egokitzen zion etxeko-atezainari. Etxebizitza hori beheko solairuan edo azken pisuan egon izan da beti.

Zertan datza zuen lana ?

Ezkaratzeko garbiketak egin, igogailuaren eta etxeko azpiegituraren
mantenimendua zaindu... eta abar. Honez gain, beti prest egoten gara etxeko bizilagunei zenbait arlotan laguntza emateko (errekadu txikiak; abisuak eta mezuak jaso eta eman; oporraldian etxeak zaindu...).

Lana ondo ordainduta al dago?

Guztioi gustatuko litzaiguke gehixeago kobratzea. Dena den, nahiko ondo ordainduta dago.

Zer moduz konpontzen zarete bizilagunekin ?

Nahiko ondo. Lehen aipatu dugunez, bizilagunekin harreman ona izateak asko errazten digu lana.

Oporrak hartzen dituzuenean, nork egiten du zuen lana?

Garbiketa enpresa bat arduratzen da beti. Baina enpresa hori garbiketa lanaz arduratzen da soilik. Egunero geuk egiten ditugun ohiko eginkizun horiek, oporraldian ez dira egiten.

Zuen lanbidean, zer da gehien gustatzen zaizuena?

Bizilagunekin egiten diren harremanak.

Zuek jubilatzen zaretenean, lanpostu honek jarraituko al du?

Baietz uste dugu. Bizilagunak oso ohituta daude gure zerbitzuekin, eta uste dugu gustura daudela. Ziur aski, zaila egingo litzaieke bat batean zerbitzu hauek gabe geldituko balira.

Zein ordutegi duzue?

Goizez 8:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara.

Jubilatzen zaretenean, bizilagunak zuetaz gogoratuko direla pentsatzen duzue?

Bai, baietz uste dugu. Lanean hainbeste urte eman ondoren, bizilagun batzuk gure adiskide bihurtu dira. Jubilatu arren, ziur lagunak izaten jarraituko dugula.


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****