Igor Gabilondo 1979 urtean jaio zen Donostian. Añorgako harrobi agortezinaren fruitua da. 2000-01 denboralditik Realaren lehen taldean dihardu.
Noiztik zaude Realean?
13-14 urte neuzkanetik.
Gustura al zaude egindakoarekin, lankideekin...?
Bai, txikitatik gustatu izan zait, eta niretzat zorte handia da honaino iristea.
Zer sentitzen da zelaian egoterakoan? Eta eserlekuan zaudenean?
Egia esan, oso ondo sentitzen naiz. Zaleak zurekin daudela ikusten duzu, eta benetan ondo sentitzen zara. Aulkian egonda, ordea... ez hain ondo. Hasteko, zelaira ateratzeko gogo handia duzu, eta urduriago sentitzen zara.
Zure betiko ametsa futbolean jokatzea izan da, ala txikitan beste lanbideren batekin amets egiten zenuen?
Amets egin, agian bai, baina ez nuen uste lortuko nuenik. Ametsa lortzen duzun arte... noski.
Zein izan da izan duzun entrenatzailerik hoberena, edo zeinekin entrenatu duzu gusturago?
Denek dute izaera propioa, eta denengandik zerbait jasotzen duzu. Ez dago esaterik onena zein den; baina, adibidez, Clementek eman zidan debutatzeko aukera.
Lankiderik onena?
Ez dakit: egia esan asko ezagutu ditut, eta aldatzen joaten dira.
Aurten, ikusi dugu Realaren indarra ez dela iazko bera. Urte gutxi barru, lehen postura iristea posible al da?
Baliteke liga hasieran hori egitea -lehen partida jokatuta edo-, baina, nik uste dut, gehiegi esatea dela lehen postua. Goikoen artean egotea bai, eta ez behean, baina lehenengo postua...
Zer pasatzen zaizu burutik zelaira ateratzen ari zarenean?
Ez dakit: zelaian zer egin behar dudan, zer gertatuko den pentsatzen dut...
Zein izan da jokatu duzun partidurik hoberena? Eta okerrena?
Onena, Txapeldunen Ligako azkeneko partidua, Galatasaray-ren aurkakoa. Okerrena... agian, Bartzelonak etxean 6 gol sartu zizkigun hura.
Futbol jokalaria izango ez bazina, zer izango zinateke?
Elektronikarekin lotutako lanbideren batean arituko nintzateke.
Zenbat gol sartu dituzu orain arte?
Aurten bakarra sartu dut, baina guztira, 14 inguru izan dira.
Nola eta norekin ospatzen dituzu irabazitako partiduak?
Normalean ez dago ospakizun berezirik. Bestela, noizbait, taldekoekin edo etxekoekin ospatzen dut.
Nork animatzen zaitu partiduak galdu ondoren?
Nire neska-lagunak.
Zer datorkizu burura gol bat sartzen duzunean?
Gauza asko: poza ematen du gola sartzeak.
|
Dena den, ez da gauza bera etxean edo kanpoan sartzea.
Zerk edo zeinek animatu zintuen futbolean gogo handia jartzeko, eta honaino iristeko?
Hasieran, aitak “behartuta” edo eramanda aritu nintzen. Bestela, etxean ere asko animatzen ninduten.
Zer esan zizuten lagun eta senitartekoek Realean hartu zintuztela jakin zutenean?
Zoriondu egin ninduten; baina 14 urterekin sartu nintzenez, lasai egoteko ere esaten zidaten.
Zein da zure jokalaririk gustukoena?
Zidane.
Jende askok ezagutzen zaitu kalean? Realean jokatzeak zure bizitza aldatu al du?
Kalean jende askok kasu egiten dizu, batez ere, Donostian. Beti ere, bizitza zertxobait aldatzen da, baina izaera ez.
Hori dela eta, noizbait ezer bitxirik gertatu al zaizu?
Bi aldiz gertatu zait: norbaitek bere lagun bati zer edo zer esateko, bere mugikorra niri eman, eta ni zoriontzeko asmoa izatea.
Zer sentitzen da zure izena bizkarrean idatzita duen kamiseta horietako bat beste norbaitek jantzita ikusterakoan?
Arraroa da, bitxia. Hasieran zenbaki bat jartzen dizute, eta kito. Gero izenarekin eta abar, jendeak jantzita duela ikusten duzu, eta oso bitxia da. Ni arraro sentitzen naiz.
Ba al duzu bestelako zaletasunik?
Bai, lagunekin ateratzea, neskarekin paseatzea, irakurtzea... gauza asko.
Futbolaz gain, zein beste kirol gustatzen zaizkizu?
Pilota gustatzen zait, eta beste kirol batzuetako partidak ikusten ditut, baina gehiegi jakin gabe.
Ikusi duzun azken pelikula?
Santiago Seguraren azkenekoa, “El asombroso mundo de Borjamari y Pocholo”. Ez zitzaidan batere gustatu, nire aldamenekoak lo hartu zuen, eta nik ere, ia-ia.
Irakurri duzun azken liburua?
“Cuentos para pensar”.
Mendia ala hondartza?
Denbora gehiago ematen dut hondartzan.
Janaririk gustukoena?
Ezingo nuke bat aukeratu, denetarik jaten dut: pasta jaten dut bereziki.
Bidaiatzea gustatzen al zaizu?
Bai, baina nire kontura. Taldearekin joatea beste gauza bat da, hotelean sartuta... hori ez zait gustatzen.
Zure akatsik handiena? Eta bertuterik handiena?
Galdera horiek ez zaizkit asko gustatzen. Hori ingurukoek esan behar dute.
Zein izan dira zure ikasketak?
Elektronikako ikasketak egin nituen.
Ikasle ona al zinen?
Tira... institutuan ez hain ona, baina nahi nuena ikasten hasi nintzenean, gustura ikasten nuen.
|