euskaraz.net
Ekologia: bonsaiak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 72 2005/01 »  Ekologia: bonsaiak

* * *

Bonsaiak



Eguraldiaren eraginez Euskal Herriko paisaia oso berdea da, eta zuhaitz mota asko ditu. Baso eta haranetan, landare asko ikus ditzakegu: haritzak, pagoak, lizarrak, pinuak... dena den, ezin dugu ahaztu gero eta zuhaitz gutxiago dagoela. Horregatik, natura babestea garrantzitsua da.



Jakina denez, edozein zuhaitz mota “bonsaia” bihurtu daiteke. Gai horri buruz, azalpen batzuk eman nahi dizkizuet.

Hasteko, esan beharra dago, “pen-zin” hitzak zuhaitz txikia esan nahi duela txineraz. Hain zuzen, hortik dator “bonsai” izena. “Bonsai” hitzak, lorontzian landatutako zuhaitz edo zuhaixka esan nahi du. Landaketa era hau duela 2.000 urte baino gehiago ezagutzen dute Txinan. Bonsai txikiak zuhaitzak bezain sendoak dira.

Neurriaren arabera, lau bonsai mota daude:

Mama-bonsaia: ez da 15 zentimetrotik gora hazten.
Ku-bonsaia: haur bonsaia da, eta 15- 35 zentimetro har ditzake.
Chiu-bonsaia: bonsai gaztea da. 35-55 zentimetro har ditzake.
Dai bonsaia: bonsai handia da. Bi metrora irits daiteke. Bonsai hauek profesionalentzako gordetzen dira.

Gaur egun, leku askotan eros daitezke bonsaiak. Saltoki batzuetan, bizirauteko aukera gutxi duten bonsaiak saltzen dituzte;
bonsai horiek gazteegiak dira, edota espezie tropikalen batekoak. Landare tropikal horiek merkeagoak dira, eta zenbait lekutan 20 euro baino gutxiago balio dute. Haztegi berezietan, berriz, bonsai helduagoak eta eguraldira egokitutakoak saltzen dituzte. Dena den, mila eurotik gora balio dituzte.

Nork bere gustuko itxura emango dio bonsaiari; baina prozesua matsoa da, eta zuhaitzak urte asko behar ditu hazteko. Jakituria eta esperientzia alferrikakoak dira pazientziarik gabe.

Udaberria bonsaia erosteko garai egokiena da. Zuhaixka erosi eta lur egokirik ez badago, edota bonsaiak sustrai asko baldin baditu, beharrezkoa izaten da birlandatzea. Hori udaberrian egin daiteke soilik. Zuhaitz bat erosten denean, komeni da horren fitxa eskatzea. Hor izen botanikoa eta izen arrunta azaltzen dira; baita adina, espeziea... eta zuhaixkak izan beharko lukeen itxura ere.

Bestalde, azpimarratu behar da, bonsaiak zuhaitzak direla, eta aire librean bizi behar direla. Horregatik, leiho handi eta argitsuaren ondoan jarri behar dira beti. Gelan jarriz gero, beroa ematen duten etxetresna elektrikoetatik urruti beharko dute egon.

Zuhaixka ura behar duenean busti behar da soilik; lorontziko lurrazala lehortzen hasten denean, eta kolore hitsa duenean. Ur gehiegi botaz gero, sustraiak usteldu egiten dira. Azken aholku bat: bonsaia ureztatzeko euri-ura erabili, etxekoak kloroa izan ohi du eta.

Maider Gaztelu Aza



Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****