euskaraz.net
Hockeya: Aritz Nogueras

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 72 2005/01 »  Hockeya: Aritz Nogueras

* * *

“Hockeya ez da uste bezain gogorra”

"Ez dut inoiz lesiorik izan"
Aritz Noguerasi egin diogu elkarrizketa, eta hockeyari buruz hainbat galdera egin dizkiogu.

Noiz hasi zinen izotz hockeya egiten?

Hamazazpi urte ditut, baina duela hamar urte hasi nintzen izotz hockeyan. Tira, egia esan, lehen bi urteak ongi patinatzen ikasten eman nituen, jauregiko ikastaroetan. Hirugarren urtean, aldiz, hockey taldera joateko prest nengoela esan zidaten.

Nolatan sartu zinen izotz hockeyan, eta ez futbol munduan, gazte gehienak bezala?

Erabaki hau ezustekoa izan zen; egun batean, eskolako jolas-orduan, hiru lagunek kirol hau egitea proposatu zuten. Egun batetik bestera, izotz jauregian geunden lauak, patinatzen ikasten. Orduntxe konturatu nintzen izotz hockeya gustukoago nuela, futbola edota saskibaloia baino.

Ez al zizun beldurrik ematen kirol hau praktikatzeak, duen ospe gogorrarekin?

Egia esan, kirol hau egitea erabaki genuenean, baneukan beldur pixka bat gorputzean. Gainera, zazpi urte besterik ez genituen. Baina zuk esan duzun bezala, kirol honek oso gogorra izatearen ospea du. Dena den, ez dut uste hainbesterako denik; gainera, erabat babestuta joaten gara, oinetatik bururaino.

Noizbait eduki al duzu lesiorik partida edota entrenamenduren batetan?

Hamar urteotan ez dut batere lesiorik izan, ez hanketan ezta besoetan ere. Baina esan beharra daukat, jaso ditudala kolpe gogorrak, gehienbat partidetan.
Kolpeen ondorioz, bi edo hiru egunez minberatuta egon izan naiz. Lo-kuluxka bat eginda pasatzen ez den ezer ez dut izan, behintzat.

Zenbat izotz hockey talde daude gaur egun Espainian?

Gaur egun zazpi talde besterik ez daude Espainia osoan, eta poliki-poliki desagertzen ari dira. Kirol honek behar duen dirulaguntzarik ez da ematen. Izotz pista bat mantentzeak diru eta esfortzu handia dakar.

Zein taldetan aritzen zara?

Ni Donostiakoa naiz, eta hemen izotz pista bat besterik ez dagoenez, Donostiak duen talde bakarrean jokatzen dut: Txuri-urdin taldean.

Zein da urrutien joan zaren lekua, partida bat jokatzera?

Hirugarren DBH mailan nengoela, euskal selekzioarekin aritzeko hartu ninduten. Chicagora joan ginen astebetez, hango taldeen aurka jokatzera. Esan beharra daukat han praktikatzen den hockeyak ez duela zerikusirik hemengoarekin. Han maila hobea dute, eta hemengoa baino askoz ere gogorragoa da.

Non egiten zaizu zailagoa patinatzea, izotzean ala kalean?

Egia esan, ez zait asko gustatzen kaleko patinetan ibiltzea. Dena den, ibili naizen aldi horietan, nahiago izan dut izotzean patinatzea; gehienbat, galga egiteko moduagatik.

Zein posiziotan jokatzen duzu?

Ni aurrelaria naiz, baino batzuetan defentsan ere aritzen naiz.

Eskerrik asko gure galderak erantzuteagatik. Segi horrela Aritz!

Izaro Sorondo





Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****