euskaraz.net
Elkarrizketa: Olatz Arrieta

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 73 2005/03 »  Elkarrizketa: Olatz Arrieta

* *

“Oso lotsatia izan naiz beti”

Olatz Arrieta askotan ikusi izan dugu ETBko albistegietan. Izan ere, Martuteneko neska hau New Yorken korrespontsal lanetan ari da urteotan. Hona hemen berarekin izandako solasalditxoa.



Arantzazuko Ama ikastolako
5. mailako ikasleak

Zer gogoratzen duzu Arantzazuko Ama ikastolara etortzen zinen egun haietaz? Irakasleren batekin gogoratzen al zara?

Ikastola leku bat baino gehiagotan izan genuen, baina Martuteneko txaletetik, ibaiaren ondoan geunden garaietatik, andereño Maria eta Mari Karmen gogoratzen ditut. Beste irakasle batzuk ere gogoratzen ditut: euren aurpegiak gogoratzen ditut, baina izenak gordetzen ez naiz oso ona.

Nola jakin nahi zenuen, hain garaiz, gerora zer ikasi nahi zenuen?

Historia, gizartea eta literatura ikasgaiak asko gustatzen zitzaizkidan, eta zientzia eta matematika gaiak ez nituen hain gustuko. Asko irakurtzen nuen: batez ere abenturazko liburuak, eta beste herrialde batzuetan gertatzen diren istorioak. Beraz, idaztearekin, bidaiatzearekin, eta historiarekin lotutako zerbait egin nahi nuela argi neukan. Egunkaria irakurtzeko eta albisteak telebistan ikusteko ohitura ere banuen. Beraz, konturatu nintzen kazetaritza gustatzen zitzaizkidan gaiekin lotuta zegoela .

Ingelesa nola ikasi zenuen?

Donostian, akademia batera joaten nintzen. Ondoren, pare bat uda Irlandan eman nituen lanean, eta ingelesa ikasten.

Zurekin batera, ikasketak egindako norbait ezagutzen al dugu ETBn?

Gorka, “Gaur egun” albistegiko errealizadorea, klasean ibili zen nirekin. Ez da kamera aurrean ateratzen, baina oso postu garrantzitsua dauka. Susana Mugika, Euskadi Irratiko esataria ere gure klasean aritu zen.
Astigarrakoa den Garbine San Miguel kazetaria ez zen nirekin klasean ibili, baina kazetaritza ikasten hasi aurretik, gomendio eske joan nintzen harengana.

Ikasle garaian, imajinatzen al zenuen horrelako lan bat lortuko zenuenik?

Pentsatzen nuen, ondo prestatuta egonez gero eta gauzak ilusioarekin eginez gero, posible izango zela nire gustuko lana aurkitzea. Dena den, garai hartan ez nuen sekula imajinatu telebistan ariko nintzenik, nahiko lotsatia izan naizelako beti.

Nola sortu zitzaizun New Yorkera lanera joateko aukera? Hori izan al zen zure lehenengo lantokia?

New Yorkera ikastera etorri nintzen, nazioarteko politikan master bat egitera. Hemen nengoela, Euskadi Irratiko berriemaile bezala hasi nintzen. Gero ETBk New Yorken berriemaile bat izatea erabaki zuen, eta niri eskaini zidaten lanpostu hori. Telebistan eta irratian hasi aurretik, Internet enpresa batean ere aritu nintzen lanean, New Yorken. New Yorkera etorri aurretik, ETBn egin nuen lan, Iurretan. Bestalde, Errusian ikasten aritu nintzen, eta Euskadi Irratirako kolaborazioak egiten nituen.

New Yorken, ba al duzu Euskal Herriko lagunik?

Bai, baina oso gutxi. Euskal Etxera joaten naizenean ikusten ditut. Lagun gehienak atzerritarrak dira.

Zein da ikusi duzun azken filma?

"Sideways" , hor ez dakit nola itzuli duten izenburua. Oscar sarietarako pelikula onenaren atalean izendatu dute, oso ona iruditu zitzaidan.


Olatz Arrietaren familiaren baserria


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****