euskaraz.net
Antzerkia: Mikel Sarriegi

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 73 2005/03 »  Antzerkia: Mikel Sarriegi

* *

“Antzerkiaren helburua jendea entretenitzea da”
Mikel Sarriegi 1968ko otsailaren 13an jaio zen Donostian, baina orain Hondarribin bizi da. Azken hilabete hauetan herriz-herri ibili da “Kutsidazu bidea, Ixabel” antzezlanean protagonista lanak egiten. Horrez gain, antzerkia erakusten du ikastolan, eta Antropologia ikasketak egiten ari da.


Zen bat urterekin hasi zinen antzerkia egiten?

Oso berandu; izan ere, 25 urterekin hasi nintzen. Hondarribin egindako herri antzerki batean izan zen, hain zuzen.

Txikitatik gustatzen al zitzaizun antzerkia?

Nire familia kirol munduan ibilia zen, eta gehienek atletismoa praktikatzen zuten. Lehen aipatu dizuedan bezala, antzerkiarekiko zaletasuna beranduago piztu zitzaidan.

Zenbat antzezlanetan parte hartu duzu?

Lau obratan aritu naiz profesional bezala: Gasteizko Porpor taldearekin Bernardo Atxagaren “Xolak badu lehoien berri” obran; “Alizia bitxikerien munduan” Dardar taldearekin; “Ai ama” Irungo talde batekin; eta egin dudan azkena, “Kutsidazu bidea, Ixabel” Gorringo taldearekin. Amateur mailan dezente gehiagotan aritu naiz.

Egin dituzun antzerkietatik, zein da gehien gustatu zaizuna?

“Kutsidazu bidea, Ixabel” aukeratuko nuke, esperientzia handia eta polita izan delako.

Eta ikusi dituzun antzerkietatik, zein gustatu zaizu gehien?
Eta zergatik?

Brasilera joan nintzen, eta han ikusitakoa ikaragarri gustatu zitzaidan. Klowna zen, sudurrik gabe gainera. Zergatik? Dibertitu ninduelako, eta antzerkiak duen helburuetako bat jendea dibertitzea delako.

Antzerki irakasle ez bazina, zer gustatuko litzaizuke egitea?

Antzerki saioak emateaz aparte, L.H.ko irakaslea ere banaiz. Dena dela, ez dut nire burua beste lanbide batean irudikatzen.

Zer esango zenioke antzerkia egin nahi duen haur bati?

Bada... antzerkia egitea oso gauza polita dela, eta hobe dela txiki-txikitatik hastea.

Zein antzerki mota gustatzen zaizu gehien?

Ondo eginez gero, guztiak. Dibertitu egin behar nau, hori bai.

Zer sentitu duzu “Kutsidazu bidea Ixabel” obran protagonista lana egiterakoan?

Sentitu, sentitu… ez dakit, baina ikasi, gauza asko ikasi ditut: oholtza gainean egoten, edozein arazoren aurrean inprobisatzen, saioa ondo doan ala ez bereizten, urduri ez jarri eta lasai egoten, zuen galdera zailei erantzuten...

Letizia Arrillaga, Maialen Perez,
Unai Sanchez eta Jon Ander Zumeta.



Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****