euskaraz.net
Auzoka txiki: erleak

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 73 2005/03 »  Auzoka txiki: erleak

* *

Erleen mundu zoragarria

Aterpetxearen aurrean
Belen Ikastetxeko LH 3ko ikasleok Tolosako Zuloaga Txiki Ingurugiro Eskola bisitatu genuen. Bi egun eman genituen bertan, eta primeran pasatzeaz gain, gure inguruan hegan ibiltzen diren erleei buruz hainbat gauza ikasi genituen. Hemen duzue egun horietan bizi eta ikusitakoen kontakizuna.


Goizean heldu ginen Zuloaga Txikira, eta lehen-lehenik, Inma, gure gida izango zena, ezagutu genuen. Motxilak eta lo zakuak logeletan utzi ondoren, eskolan landutakoa gogoratzeko ordua heldu zen.

Inma abaraskak erakusten

Joko bat egin genuen horretarako. Jokoan, erleei buruzko galderei erantzun eta froga dibertigarriak egin behar ziren. Guk uste genuena baino gauza gehiago gogoratzen genitun erleei buruz, baina oraindik ere asko zegoen ikasteko!

Adibidez, ba al zenekiten erleek opari asko egiten dizkigutela? Erleak intsektu langileak dira, eta beraiek egindako gauza asko guk erabiltzen ditugu: eztia, kandela edo ukenduak egiteko argizaria, polena, propoleoa eta baita pozoia ere. Erleak bai animalia eskuzabalak!
Goiza berehala joan zen, eta bazkaldu ondoren, erleak bertatik bertara ikusteko unea heldu zen. Erlauntza bisitatu genuen. Guk etxola batetik ikusi genituen. Baina Inma gure gidak, bere jantzi berezia gainean zuela, erleak inguruan zeuzkan, biraka. Eskerrak ondo babesturik zihoala!

Arratsaldean, jolasteko denbora ere izan genuen, eta bapo-bapo afaldu ondoren, lotara joan ginen.

Hurrengo egunean, hiru tailerretan parte hartu genuen. Kandelak egin genituen, baita puzzle bat eta papiroflexia ere. Ez dakizue zein tximeleta ederrak egin daitezkeen paper batekin!

Bazkaldu ondoren, ikastetxera bueltatzeko ordua heldu zen. Motxila prestatu, gure lagun erleak agurtu, eta autobusera igo ginen.

Tirolinan jolasean


Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****