Gauza asko daude amorrua ematen didatenak, baina, bereziki, badago bat: arropa berria erosi, eta izorratzea.
Arropa jantzi egiten duzu, eta ispilu batera joaten zara, ea erosi duzun hori ondo gelditzen zaizun ikusteko. Ispilu aurrean ordu erdi egon ondoren, momentu zirraragarriena heltzen da: kalera irten, eta arropa estreinatu!
Galtza berriak jartzen dituzunean, eguna horiei begira pasatzen duzu: ea lurra ukitzen duten, zimurren bat ote duten...eta denda bateko erakusleiho
|
baten ondotik igarotzen zaren bakoitzean, kristalean zure isladari begiratzen diozu. Espaloian, egon daitezkeen txakur kakak saihestuta, lagunengana ailegatzen zara, eta harrigarria… galtzak ez dira zikindu, eta ez zaie zimur bakar bat ere atera. Lagunei galtzak erakutsi eta gero, banku batean esertzea proposatzen dizute. Bankuan eseri, eta orduan konturatzen zara gainontzeko guztiak zutik geratu direla. Zergatik? Ondora begiratu, eta txartel zoragarri bat ikusi dut: “Margotu berria”. Arin altxatu, galtzei begiratu, eta... bankuaren seinale zuriak ederki daudela ikusi dut.
|