|
|
Split 77
Mentura
Itoitz talde mitikoa izan da euskal musikan, eta Juan Carlos Perezek konposatutako abesti asko jendearen oroimenean geratu dira. Hain zuzen, Bilboko Split 77 taldeak Itoitz-en “Espaloian” abestiaren bertsio ederra egin du “Mentura” izeneko disko bikain honetan. Split 77 taldekoek ez ohiko musika egiten dute Euskal Herrian, betiko estiloetatik atera egiten baitira. Popa eta musika elektronikoa ezin hobeto nahasten dituzte, eta bertsioak egiten ere iaioak dira. Disko honetan, Itoitzenaz gain, Joy Division taldearen “Isolation” kantaren bertsioa egiten dute. Disko ederra, benetan.
|
Betagarri
Zuzenena
Ska izeneko musika estiloak tradizio luzea du Euskal Herrian. 80eko hamarkadan Kortatu eta beste talde batzuk lehen pausoak ematen hasi zirenetik, beti egon da ska talderen bat inguruotan. Gasteizko Betagarri taldea aitzindari haien oinordekoa da, eta iturri beretik edaten du. Disko asko kaleratu ondoren, Betagarrikoak zuzeneko kontzertu baten grabazioarekin ausartu dira, eta emaitza ona da, gasteiztar hauek energia handia baitute zuzeneko emanaldietan. Kontzertuaren grabazioa oso ondo dago, eta horrez gain, DVDa, “Ispiluan” dokumentala, eta bideoklipen bilduma dakartza CD honek. Gustura dastatzeko moduko gauza asko, beraz.
|
|
|
Txapel
Tonto el que lo lea
Seguru asko, zuetako gehienek ondo ezagutuko duzue Lekeitioko Etsaiak taldea. 80eko hamarkadan sortutako talde hori oso ospetsua izan zen bere garaian, urte luzez, Euskal Herriko oholtzak kiskali egin zituzten-eta. Gaur egun, Etsaiak taldean aritutako musikari gehienak beste proiektu batzuetan ari dira. Proiektu horietako bat Iñigito gitarra jotzaileak gidatutako “Txapel” hau da. “Tonto el que lo lea” izeneko bigarren disko honetan, punk abesti dibertigarriak dira nagusi. Gitarra zorrotzak eta bateria indartsuak ere presente daude. Ondo pasatu nahi baduzu, hauxe da zure diskoa.
|
Captain Nemo
Korrontearen kontra,
urpekari bat
Captain Nemo talde donostiarraren lehen disko hau joan den urteko urrian kaleratu zen. Hamabost kantek osatzen dute diskoa, eta kanta horietatik gehienak, hardcore edo punk estilokoak dira. Hardcore eta punk hitz horiek zer esan nahi duten? Bada, abesti azkarrak direla, laburrak, indartsuak, eta batez ere, jenio eta amorruz jotakoak. Horrez gain, disko honetan “Satanas” abestiaren bideoklip bat ere aurkituko duzue; hain zuzen, bideoklip hori txuri beltzean grabatua dago taldearen entsegu lokalean. Captain Nemo taldearen izena Julio Verne idazlearen nobela ezagun batetik hartua dago. Disko indartsua.
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****
|