euskaraz.net
Jauzi hirukoitza: Ramon Cid

HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Hezkuntza »  Auzoka eskola aldizkaria »  Auzoka 74 2005/05 »  Jauzi hirukoitza: Ramon Cid

Donostia auzoka

* *

“Kirolak lagun asko eman dizkit”

Ramon Cid atleta donostiarrak kirola du pasio. Urtetan jauzi hirukoitzeko txapeldun izan da, eta egun, berak ikasitakoa irakasten ematen du eguna.

Amaran jaio al zinen? Zuen garaian, nolakoa zen auzoa?

Ondarretan jaio nintzen, baina hiru urterekin Amarara etorri nintzen, Santxo Jakituna kalera. Gaur egun, Erausoko Katalina kalean bizi naiz. Egun guztia ematen genuen kalean jolasten: txorro-morrora, polizia eta lapurretara... Nire lagunartea Sahats plazakoa zen, eta 20 bat lagun ginen.

Amara ez zen gaur egun bezalakoa: Erausoko Katalina inguru hau padura bat zen, eta gaurko eskola egon beharrean, zabortegi bat zegoen. Denbora asko egoten ginen kalean, ez genuen Play-Stationik, telebistan kate bakarra zegoen...

Zuen garaian, kirola egiteko zer moduzko azpiegiturak zeuden?

Gaur egun baino azpiegitura gutxiago zegoen. Auzoak ez ziren gaur bezain politak, baina hondartza genuen kirola praktikatzeko, eta batez ere, auzoetako plazak. Gure azpiegiturak plazak ziren. Amaran estadioa zegoen, eta atzealdean igerilekuak.

Zergatik aukeratu zenuen atletismoa, eta jauzi hirukoitza?

Ni Mundaiz Eskolara joan nintzen, eta eskolak atletismo taldea zuen, nahiz eta beste kiroletan ere aritu. Familian, anaiek ere egiten zuten atletismoa, eta nire aitari asko gustatzen zitzaion.

Nola egiten da jauzi hirukoitza? Izan ere, izen horrek zirkoan egiten diren zilipurdiak gogorarazten dizkigu...

Bai, egia da. Luzera jauzia bezala da, jauzi bakarra egin beharrean, hiru jauzi egin behar baitira. Aurreneko saltoa txingoka da, eta oso gogorra da.
Jauziaren helburua ahalik eta urrutien iristea da, taula zapaldu gabe, noski. Nire errekorra 16,69 metroko jauzia izan zen, eta hamar urtez Espainiako errekorra izan zen.

Zein izan da zure lorpenik handiena ?

Nik ez nuke lorpen zehatzik aipatuko, baizik eta, orokorrean, urteetan egindako ahaleginak. Balorazioa orokorrean egingo nuke. Europako txapeldunordea izan nintzen, Espainiako txapelduna hamahiru aldiz, eta hiru aldiz Europako txapelketako finalista...

Asko bidaiatu duzula igartzen da. Non izan zara, eta zenbat Olinpiadetan parte hartu duzu?

Munduko kontinente guztiak ezagutzen ditut. Atleta bezala, bi Olinpiadetan parte hartu dut: 1976an Montrealen, eta 1980an, Moskun. Gero, entrenatzaile bezala, beste lau Olinpiadetan izan nintzen: 1992an Bartzelonan, 1996an Atlantan, 2000an Sidneyn, eta 2.004an Atenasen.

Gogorra al da jauzi hirukoitzean jardutea? Lesioak izaten al dira?

Gustatzen bazaizu, ez da batere neketsua. Nekatzen zara, baina gustura sentitzen zara. Gainera, gauza bat ondo egiteko, badakizu sakrifikatu egin behar duzula. Berez, froga hau atletismoko gogorronetariko bat da: izan ere, aurreneko jauzian 800 eta 1.000 kilo bitarteko pisua jasaten du oinak. Lesioak izan ditut, eta baita hiru ebakuntza ere. Froga gogorra da, baina jauzi hirukoitzeko atletek urte asko ematen dituzte lehiatzen: adibide gisa, hor dago Jonathan Edward txapeldun handiaren kasua, 34 urte bete zituen arte lehiaketetan ibili zena.

Nagore Feijoo, David Velasco, Iurgi Rivero.

Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****